Apirilaren 25ean gizonezko batek emakume gasteiztar bat hil zuen Haron (Espainia), eta hilketa gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte egunotan Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Orion atzo izan zen bilkura, 19:00etan, Herriko Plazan. Hogeita hamar herritar inguru elkartu ziren, tartean udal ordezkariak, Aski da, indarkeria matxisten aurrean autodefentsa feminista lelopean.
Protestaren amaieran hitza hartu zuten Orioko Mugimendu Feministako kideek, eta gogorarazi zuten aurten Euskal Herrian erail duten hirugarren emakumea izan dela Gasteizkoa. Azpimarratu zuten ez direla gertaera isolatuak, arazo estrukturala dela, baita gizarte osoaren arazoa dela ere. Eta Lourdes del Hoyo oriotarra izan zuten gogoan, ostiralean beteko baitira bi urte bikotekide ohiak tiroz hil zuela kale erdian.
Mugimendu feministako kideek esan zuten egoera honen aurrean "nazkatuta" daudela, eta ez direla isilduko. Indarrak batzearen beharraz ere hitz egin zuten: "Berriz ere baliabideak eskatuko ditugu instituzio publikoetan, eraldaketa soziala lortu nahi badugu alderdi desberdinetatik lan egin behar dugu, denok batera. Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera sexistak eta matxistak behingoz amaitu behar dira. Gure espazioetan eraldaketa bultzatu behar dugu, erasoak salatu behar ditugu, espazio seguruak bermatu behar ditugu... Eta horretarako, indarrak batu eta eraldaketak bultzatu behar ditugu. Denon artean lortuko dugu".
Feministek gizarte hobe batean sinesten dutela esan zuten, arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabekoan, "denok bizitza duin bat nahi dugulako eta horretarako eskubidea aldarrikatzen dugulako".