Tradizioa gorde eta zabaltzea ere badenean herri borroka

Onintza Lete Arrieta, Julene Sorarrain eta Gorka Eizagirre 2025ko mai. 9a, 16:00

Sahararrek eskuz egin izan dituzte jateko, janzteko, apaintzeko nahiz jolasteko tresna asko, eta horietako batzuk bilduta, erakusketa jarri dute Kultur Etxean.

Deserrian daude, baina ez daude etsipenak hartuta, eta ez daude geldirik egoteko. Orioko saharar komunitateko hainbat kide gogor ari dira lanean, Guerara Orio elkartearekin batera, beren kultura, tradizioa eta ohiturak bizirik mantendu daitezen, izan errefuxiatuen kanpalekuetan, izan Orion. Bizirik mantentzeak esan nahi du horiek ezagutzea, gordetzea, eta belaunaldi berriei transmititzea. "Borrokatzeko modua da hori ere", azpimarratu dute Guerara Orio elkarteko Jokin Urangak eta Lamat Alik. "Gu hemen gaudela esateko balio du, gure herria bizirik dagoela, eta bizirik jarraituko duela aldarrikatzeko".

"Aspaldidanik" nahi zuten halako erakusketa bat antolatu herrian, eta "lan asko eginda" eta "Orioko Udalaren babesari esker" lortu dute erakusketa zabaltzea. Atzo iluntzean egin zuten irekiera ekitaldia, eta gaurtik hilaren 20ra arte egongo da ikusgai 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era Kultur Etxeko areto nagusian.

Erakusketan jarri dituzten pieza gehienak antzinakoak dira, baina gaur egun oraindik batzuk erabiltzen direla kontatu dute Alik eta Urangak. Zuhaitzen hosto nahiz enborrekin, animalia larruarekin... egindako piezak dira: janaria prestatzeko tresnak, arropa gordetzeko oihalak, musika tresnak, jolasak, ezkontzetarako bitxiak eta arropak... Eta, nola ez, sahararrentzat hain garrantzitsua den haima. Hori erdi-erdian jarri dute. Hormetan hainbat argazki itsatsi dituzte, eta aretoaren bi ertzetan dauden Pello eta Nikolasa erraldoiak ere erakusketaren parte bihurtu dituzte, saharar kulturako arropekin atonduta. Dena borobiltzeko, beren herriko oihalak zintzilikatu dituzte sabaitik, eta beren musika jarri bozgorailuetatik.

Ikus-entzunezkoa ere bai

Erakusketan ikusgai jarri dituzten piezek badute idatzizko azalpen txiki bat, baina, horrez gain, elkarteak ikus-entzunezko batean bildu ditu xehetasun guztiak, eta bideo hori une oro martxan egongo dela azaldu dute Alik eta Urangak.

Bestalde, herriko bi ikastetxeekin hitz egin dute, eta gaur bertan hasita, hainbat ikasle taldek bisitatuko dute Kultur Etxeko aretoa, saharar kulturako objektuak bertatik bertara ikusi eta haiei buruzko informazioa jasotzeko. Guerara Orio elkarteko kideek egingo diete harrera, gainera, ikasleei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide