Udalak bertakoentzako 75 bat aparkaleku gehiago jarriko ditu

Julene Sorarrain 2025ko mai. 7a, 09:13

Artxiboko irudian, Orioko autokarabanen aparkalekua.

Orain arte bederatzi ziren Aparkatzeko Udal Txartela duten ibilgailuentzat gordetako eremuak. Orioko Udalak, ordea, herritarren ekarpenak jaso ondoren, bertakoentzako eremu gehiago jartzea erabaki du, eta aurrerantzean, beste hiru eremu gehituko dituzte: Abaromendi, hondartzako eremua eta Ortzaika.

Orioko Udalak astea honetan jakinarazi du bertakoentzako 75 aparkaleku gehiago jarriko dituela herrian. Izan ere, orain arte bederatzi ziren Aparkatzeko Udal Txartela duten ibilgailuentzat gordetako eremuak: Anibarko Portua, Estropalari-Bikamiota, Pelotari kalea, Autopista azpiko ibilgailu luzeen aparkalekua, Alde Zaharra, Balea, Erribera, Palota eta Ibai Ondo kaleak. Udalak, ordea, herritarren ekarpenak jaso ondoren, bertakoentzako eremu gehiago jartzea erabaki du, eta aurrerantzean, beste hiru eremu gehituko dituzte: Abaromendi, hondartzako eremua eta Ortzaika.

Abaromendin orain arte ez da bertakoentzako aparkalekurik egon. "Kanpineko igerileku berriaren lanak direla-eta, Zaragueta eskolaren eta kanpinaren arteko aparkalekua itxita dago orain; baina, zabaltzen dutenean, bertakoentzako eremua izango da", azaldu du udalak. Horrez gain, Abaromendi kalean beste 20 bat aparkaleku ezarriko dituzte bertakoentzat; beraz, guztira 40 inguru izango dira eremu horretan. Bestetik, Antilla kalean 12 leku ezarriko dira bertakoentzat.

Azkenik, Ortzaikako autokarabanen aparkalekuan izan diren "erabilera ezegokiak" ikusita, eta Anibarko Portuari "arnasa emateko" asmoarekin, udalak aparkaleku hori ere bertakoentzako eremu bihurtzea erabaki du, beraz, autokarabanentzako tokia izateari utziko dio. Hortaz, guztira 50 bat aparkaleku berri jarriko dituzte hondartza inguruan, eta beste 25, aldiz, Ortzaikan.

Aparkaleku horietan B eta R hizkiak pintatuko dituzte datozen egunotan. Udalak jakinarazi du eguraldiaren arabera egingo dituztela pintaketa lanak, eta horiek egin bezain laster sartuko da indarrean aldaketa. Une horretatik aurrera, toki horietan aparkatzeko ezinbestekoa izango da Aparkatzeko Udal Txartela autoan itsatsita eramatea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide