Aulki mugikorreko eta trainerilletako hitzordu ugari izango da bihar hasi eta igandera bitartean

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 30a, 09:58

Orioko trainerilla, iaz, Aginagako estropadan. Beraiek irabazi zuten norgehiagoka. (Utzitakoa)

Bihar Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak jokatuko dituzte zortzikoek, eta Gipuzkoako Trainerilla Liga eta Gipuzkoako Federazio Kopa ere bihar hasiko dira. Orioko gizonezko absolutuek parte hartuko dute hitzordu horietan.

Arraun hitzorduz beteta dator Maiatzaren 1eko zubia. Batetik, bihar 10:00etan hasita, aulki mugikorreko Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak jokatuko dituzte Legution (Araba), eta Orioko gizonezko absolutuen ontzia hantxe izango da.

Bestetik, bihar bertan hasiko dira Gipuzkoako Trainerilla Liga eta Gipuzkoako Federazio Kopa Pasaian, 11:00etan, eta han ere parte hartuko dute gizonezko absolutuek. Guztira lau jardunaldi egingo dituzte. Orio Arraunketa Elkarteko talde nagusia Ligan lehiatuko da, eta bigarren eta hirugarren ontziek, berriz, Kopan jardungo dute. Liga eta Kopa bukatutakoan, txapelketen sasoia iritsiko da: Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa jokatuko dituzte, hurrenez hurren.

Egunotan izango da arraun hitzordu gehiago ere: larunbatean, maiatzak 3, 16:00etan Hondarribin trainerillak izango dira, baita igandean ere, 11:00tan Getarian. Arratsaldeko 17:30ean, berriz, Zumaian jokatuko da San Telmo Trainerilla Saria, eta klubak jakinarazi duenez, oriotarren gizonezko talde bat hantxe izango da. Estropada hori, baina, Ligatik eta Kopatik kanpokoa da.

Trainerillen hitzordu guztiak

Trainerillei dagokienez, datorren astean amaituko dira Liga eta Kopa, maiatzaren 10ean, larunbatarekin, jokatuko baita laugarren eta azken jardunaldia, Mutrikun (Gipuzkoa).

Hurrengo egunean, hilaren 11n, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Pasaian, eta handik astebetera, hilaren 18an, Euskadiko Txapelketa izango da Ondarroan (Bizkaia). Azkenik, Espainiako Txapelketa maiatzaren 24an eta 25ean jokatuko da, Galizian, A Proba do Caramiñalen.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide