Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak asteburuan jokatu du Urrezko Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionaleko zortzigarren jardunaldia Valentzian CBS Antorcharen aurka. Lehenengo partida oso berdinduta hasi zela azaldu dute, baina gero aise irabazi zuten oriotarek, 1-9ko markagailuarekin. "Bosgarren sarreran, OBBk partidari buelta ematea lortu zuen, bateatzen eta valentziarrek defentsan egindako akatsak aprobetxatuz. Guztira bost lasterketa lortu genituen, horietako bi Esti Alvarezek bultzatuta. Abantaila hori handitu egin zen zazpigarren eta azken sarreran, berriro ere, aurkarien hutsegiteei etekina ateraz eta Irati Martinezen hit -ari esker, lau lasterketa gehiago egin genituen".
Bigarren partida ere oso berdinduta hasi zela kontatu dute, eta markagailua hutsean mantendu zela seigarren sarrerara arte. Orduan, OBBeko neskek home lapurtzea lortu zuten lehen lasterketa lortzeko. "Sarrera berean, abantaila handitzeko, Maialen Pisonek beste bi lasterketa bultzatu zituen 3-0koa jarriz markagailuan. Sarrera beraren behealdean, valentziarrek lasterketa bat saskiratzea lortu zuten, aldeak murriztu eta gora egiten saiatzeko; hala ere, ez zen nahikoa izan, gure defentsa onak ez baitzuen beste punturik lortzea ahalbidetu, 3-1eko azken emaitza geratuz".
OBBk Énora Simon jaurtitzailearen lana nabarmendu du, "bera izan baitzen lehen partida irabazi zuena, hamahiru jokalari strikeout bidetik kanporatuz", baita "talde osoaren defentsa lana ere".
Ostegunean, Madrilen
Lortutako azken bi garaipen horiekin, OBBk sei garaipen lortu ditu denboraldi honetan, eta ligako lehen multzoan bukatzeko aukerekin daudela jakinarazi dute.
Ostegun honetan, maiatzaren 1ean, izango dituzte hurrengo hitzorduak oriotarrek, Madrilera bidaiatu beharko baitute CBS Rivasen aurka martxoan bertan behera utzitako jardunaldia jokatzeko.