Orioko Udalak udako kirol eta aisialdi jardueren eskaintza bateratu du aurten ere, herritarrengandik eta eragileengandik jasotako "erantzun positiboa" ikusita. Jardueretan izena emateko epea gaur zabaldu dute eta maiatzaren 12ra arte izango da horretarako aukera.
Hori horrela, orrialde honetan ikusi daiteke aurtengo eskaintzaren informazio guztia eta izena emateko galdetegiak, antolatzailearen arabera antolatuta.
Eskaintzari dagokionez, herriko bederatzi eragilek prestatu dute aurtengo udako kirol eta aisialdi eskaintza, hala nola Txurrumuski aisialdi elkarteak, BPXport enpresak, Orio Bate Bizkorrak elkarteak, Orioko Futbol Taldeak, Orio Arraun Elkarteak, Orio Itxastresna Surf Klubak, Orio Eragin Eskubaloi Klubak, Orioko Atletismo Taldeak eta ZAST Zarautz Saskibaloi Taldeak.
Txurrumuskik, urtero bezala, udaleku irekiak antolatuko ditu uztailean, eta Gazte Abentura, abuztuaren lehen hamabostaldian. Gainerako jarduerak kirol esparrukoak dira eta kiroldegiak eta herriko kirol taldeek antolatzen dituzte. Aurten, berrikuntza gisa, Orioko Atletismo Taldeak ere ikastaroak eskainiko ditu uztailean.
Izen-ematea, zabalik
Izena emateko epea dagoeneko zabalik da, eta herritarrek maiatzaren 12ra arte izango dute horretarako aukera. Izena emateko, udalaren webgunean aurki daitezkeen galdetegiak erabili beharko dira. Eragile bakoitzak bere galdetegia prestatu du, eta haietan sartuta, herritarrek eskatutako datuak bete beharko dituzte.
Izen-ematea amaitzeko, ezinbestekoa izango da ordainketa egitea eragile bakoitzaren kontu korrontean, kontzeptu gisa haurraren edo gaztetxoaren izen-abizenak sartuta; eta ziurtagiria eragileari bidali beharko zaio gero, posta elektronikoz. Hala eta guztiz ere, aalantzak argitzeko eragileekin harremanetan jartzeko aukera izango dute herritarrek; horretarako telefono zenbakiak eta emailak taulan aurki daitezke.
Hori ez ezik, udalak jakinarazi du Karela kiroldegiak eskainitako ikastaroen kasuan kiroldegitik pasa beharko dela ondoren, baimen-orria sinatzera.