Larunbat honetan, maiatzak 3, Pirritx, Porrotx eta Marimotots omentzeko festa izango da Barakaldoko (Bizkaia) BECen, Maite Zaitut izenpean, 17:00etan hasita.
Hainbat erakunde eta eragilek babestu dute festa, eta hala egin du Orioko Udalak ere, ohar bidez jakinarazi duenez. Hala, dei egiten die herritarrei," belaunaldiarteko ospakizunean parte hartzeko".
Udalak gogorarazi duenez, 40tik gora eragilek hartuko dute parte ekitaldian, eta 37 urteko ibilbidea aitortzeko "omenaldi herrikoia" izango da larunbatekoa. "Musikari, dantzari, bertsolari eta artista ugariz inguratuta egongo dira Euskal Herriko pailazo ezagunenak, eta 14.000 ikuslek eskerrak emango dizkiete, urte hauetan guztietan partekatutako irriengatik eta jasotako irakaspenengatik". Harmailetako sarrerak agortu dira jada, baina pistakoak eskuratu daitezke lotura honen bidez.