Oraingoan ere partida bana irabazi eta galdu ditu OBB sofbol taldeak

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 15a, 15:05

Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalari bat, norgehiagoka bete-betean. (OBB)

Ligako zazpigarren jardunaldia etxean jokatu zuen herenegun OBBk Dridma Rivas taldearen aurka. Asteburu honetan atsedena izango dute, eta Valentzian (Herrialde Katalanak) lehiatuko dira apirilaren 27an.

Pasa den igandean etxean, Mendibeltzen, lehiatu da Orioko Bate Bizkorrak taldea (OBB) Madrilgo Dridma Rivasen aurka. Sofboleko Ohorezko Mailako zazpigarren jardunaldia izan zen, eta azken jardunaldietan bezala, norgehiagoka bat irabazi, eta bestea galdu egin zuten oriotarrek.

Lehen norgehiagokan madrildarrak nagusitu ziren, OBBren esanetan azken unera arte erabaki ez zen partida oso parekatu batean, 4-2ko emaitzarekin. Bi taldeek lasterketa bat egiteko aukera izan zuten lehenengo sarreran, baina ez zen gehiagorik egon seigarrenera arte, non Dridmaren neskek 3 puntu gehiago sartu baitzituzten markagailuan.

Bigarren partidak oso bestelako joera izan zuen, 11-18ko markagailuarekin bukatu baitzen partida, oraingoan etxekoek irabazita. Norgehiagoka honetan bi taldeen erasoko lana azpimarratu behar dela esan du OBBk, baina oriotarrena egokiagoa izan zela. Desabantailan hasi arren, bigarren sarreran oriotarrek ondo erantzuten jakin zuten eta, pixkanaka-pixkanaka, abantaila handitzea lortu zuten; hala, Dridma bateo on batekin saiatu zen arren, ez zuen lortu berriro oriotarrei aurrea hartzea.

Jardunaldi honetan Sara Loidik egindako lan handia nabarmendu nahi du OBBk. Guztira 5 hit egin zituen, horietako bat home run bat, eta bederatzi lasterketa bultzatu zituen.

Datorren asteburuan atseden hartuko du OBBk, eta apirilaren 27an Valentziara (Herrialde Katalanak) joango dira CBS Antorcha taldearen aurka jokatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide