Maiatzeko egun eguzkitsu bat zen. Antonio Camposek ez du data zehazki gogoratzen, baina egun hartan betebehar bat zuen: Emilio Olazabalek deitutako bilerara joan behar zuen. 1965. urtea zen. Garai hartan, Orioko San Nikolas elizako aretoan egiten zituzten bilera garrantzitsuak. Jose Antonio Elola-Olaso, garai hartako Espainiako Batzorde Olinpikoaren presidentea, Oriora etorri zen banderen bedeinkapena egitera. Bisita hartan, scull bikoitza (bi pertsonarentzako diseinatutako ontzia) oparitu zion Orioko arraun taldeari. "Opari harengatik erabaki genuen elkartea sortzea. Francisco Francoren garaia zen, ordea, eta izena ezin genuen euskaraz jarri; beraz, elkartea Club Remo Olimpico de Orio izendatu genuen", kontatu du Camposek, Orio Arraunketa Elkarteko lehen lehendakariak. "Ordura arte, arraunlari talde bat elkartzen zen herrian, eta beraiek antolatzen zituzten estropadak. Estatutuak, ordea, 1965. urtean sortu genituen". Historian markatuta geratu den bilera hartan izan ziren, besteak beste, Benito Etxeberria, Jose Antonio Lizaso, Jose Antonio Salsamendi, Juan Luis Amilibia, Patxi Sarasua eta Iñaki Aroteta.
Campos izendatu zuten elkarteko presidente, eta hamabi urtez jardun zuen karguan. Egun hartatik jada 60 urte igaro diren arren, Camposek garbi gogoratzen ditu urte haiek. "Garai hartan ez genuen klubik, ezta entrenatzeko instalaziorik ere. Lehen ibaiaren beste aldean genuen elkartearen egoitza, eta arraunlariek kalean eta herriko plazan entrenatzen zuten. Hala eta guztiz ere, guk kluba behar genuen, eta horretarako, Elola-Olasok diru laguntzak eman zizkigun, kluba ordaintzeko".
Ontziak, berriz, "kontrabandoan" ekarri behar izaten zituzten Frantziatik. "Hemen ez ziren ontziak eraikitzen. Gainera, garai hartan mugatik pasatzea asko kostatzen zen. Horretarako, Hondarribiko [Gipuzkoa] elkartearekin harremanetan jartzen ginen, hemendik Hendaiara [Lapurdi] entrenatzera joateko. Behin hara iritsita, ontzietan sartu, eta Oriora itzultzen ginen, inor konturatu gabe", kontatu du.
Iñaki Sarasua 1986an iritsi zen elkartearen lehendakaritzara. Hark esan du Oriokoa dela "zuzendaritza gehien aldatu duen kluba", eta "horretaz harro" daudela. Sarasuak, bestalde, asko eskertu ditu Camposek eta haren garaiko zuzendaritzak egindako aurrerapenak. "Haiek erakutsi ziguten dakigun guztia. Gu kluba dagoeneko garatuta zegoela sartu ginen zuzendaritzan, Arraunetxe dagoeneko eraikita zegoenean". 1991. urtean ekarri zuten aurreneko entrenatzaile profesionala klubera, Jose Luis Korta, hain zuzen ere. "Bere soldata ordaintzeko, Orioko Udalarekin elkarlanean lanpostu publiko bat sortu genuen", gogoratu du Sarasuak.
Teknologia berriek ere onura asko ekarri zituzten elkartera. "1986tik 1991era, lan mordoa egin genuen aldaketa txiki baina esanguratsuak emateko; medikuntzaren eta ongizatearen esparruan, esaterako". Eta Ibon Huegunek "lan hori guztia jaso izana" eskertu nahi izan dio Sarasuari. "Klub honetan sartzen den edonor, bidegabekeria den arren, lortutako emaitzengatik definituko dute, kudeaketa ona ala txarra egin", iritzi dio.
Huegun, Aiako Santioko Errekan jaio arren "betidanik" oriotarra, 2011. urtean sartu zen elkartearen zuzendaritzan, eta zortzi urte iraun zituen lehendakari postuan. "Azken finean, ezin dugu ahaztu kirol elkarte bat dela. Eta elkartearen balioa zerekin neurtzen da? Emaitzekin. Nahiz eta balantze ekonomiko onak lortu edo ekipamendua berritu, txapelketetako emaitzek neurtuko dute kluba", dio hark.
Huegun, izan ere, gizonezkoen trainerua bigarren mailan zegoelarik iritsi zen zuzendaritzara. Elkartea babesle gabe geratu zen orduan, eta Ortzaikan entrenatzen zuten. "Egoera konplexuan sartu ginen. Lehenengo urtean, ordea, KAE ligako estropada denak irabazi genituen, eta berriz ere TKE ligara igotzea lortu genuen, Oriok behar zuen lekua eskuratuz. Hortik aurrera, Orio handi bat egiten saiatu gara".
Elkarteak ez ezik, arraunak berak ere garapen sakona izan du urteak igaro hala. Camposek bereziki azpimarratu du arrauna "lehia izatetik eliteko kirola izatera" pasatu zen momentua. 1970. urteko Kontxako Bandera ere "gogoangarria" izan zela diote. "Egun hura ez da behar bezainbeste azpimarratu, baina txapelketa hartan arrauna guztiz aldatu zen, lehiako kirol izatetik eliteko kirol izatera igaro baitzen", azaldu du Camposek.
Aldaketa hark, ordea, arraunlariek ere beren prestakuntza fisikoa asko aldatu beharra ekarri zuen. "Orion Peter Karres teknikari alemaniarra izan genuen, eta prestatzaile fisiko bat ere ekarri genuen Frantziatik, Albert Mainella, hain zuzen ere. Entrenatzaile ona izan zen, eta sekulako aldaketa ekarri zuen klubarentzat, eta bereziki, arraunlarientzat".
Afizio soila baino gehiago
Bat baino gehiago harrituko litzateke Orioko balkoietan bandera horirik ez ikusita. Izan ere, Orio ez da ezaguna soilik arraun klubarengatik, baita duen afizioarengatik ere. Hala eta guztiz ere, Camposek dio "herriak arraunarekin bat" egiten duela irabazten denean, eta galtzen denean, aldiz, "dena kritikak" direla. "Ez bada irabazten, ez da bestea hobea delako, baizik eta zuk akatsak egin dituzulako". Huegunek ildo beretik jarraitu du. "Garai bateko esaldi zaharra datorkit gogora: 'Bigarren geratzeak ez du balio'". Zera gehitu du Camposek: "Zer egin duzue, galdu ala irabazi?". Huegunek ideia kontraesankorrak ditu gai horri dagokionez; izan ere, ez du nahi "pentsatzeko modu hori" galdu. "Gaur egun badirudi laugarren edo bosgarren eginda ez duela axola. Nik, ordea, ez dut bide hori hartu nahi. Orioren DNAa 'galdu ala irabazi' izan da beti. Etorriko dira egoera ezberdinengatik irabazi ezingo den urte edo ziklo batzuk, baina beti irabaztera joan behar dugu". Zuzendariak klubera "irabazteko gogoarekin" etorri behar duela gaineratu du Huegunek.
Sarasuak zuzendaritzatik arraunaren alde "gogor hori" bizitzea ere tokatu zaiela esan du. "Disfrutatu, alde horretatik, oso gutxi egin dugu. Gauza asko entzun behar izan ditugu, herriak asko jarraitzen duelako kirola, eta hori, kritika guztien gainetik, oso garrantzitsua da. Nik nahiago dut herritarrek kirola guztiz jarraitzea, bere alde on eta txarrekin, paso egitea baino. Gauzak gaizki egiten direnean, eskertu egiten da aurpegira esatea. Orion presidentea izatea nahiko gogorra den arren, klub honen lehentasuna izan da beti aurrera jarraitzea".
Klubak kritikak jaso izan dituen arren, akats horiek "onartu" egiten direla ere esan du hirukoteak. "Azken urteetan arraun klubetan 'selekzio' oso onak sortu dira, eta horien aurka irabaztea benetan zaila da. Baina niretzako Oriok ondo egiten duena da, bere bidea jarraitzen duela, bere harrobia zainduz, herriko neska-mutilak klubera ekarriz, eta egunen batean, gure filosofiarekin eta daukagun DNA horrekin, gai izango gara irabazteko 'multinazional' horiei. Klubean sartzen direnak borondatez etortzen dira, eta klubarentzako eta elkartearentzako onena nahi dute horiek. Horregatik, esaterako, bigarren trainerua ateratzen saiatu behar dugu, gauza horiek kostu handia badute ere. Baina Orioren balioa hori da: bertakoa zaintzea. Horrek egiten gaitu handi", azaldu du Huegunek.
Momentu esanguratsuak
Arraun elkarteak momentu zirraragarriak eta sinbolikoak bizi izan ditu sortu zenetik. Txapelketa garrantzitsuenetan izan dira Orioko ontzi horiak, eta horietako asko irabazi dituzte. Camposek, ordea, bereziki gogoratzen ditu 1968. urteko Nazioarteko Estropadak. "Sekulako arrakasta izan zuten, telebistaz ere eman zituzten! Gogoan dut Madrilera egin genuen bidaia hura. Radio Television Españolako egoitzan aurkeztu ginen, 'somos del Club Olimpico de Remo de Orio, y nos gustaria hablar con el director' [Club Olimpico de Remo de Oriokoak gara, eta zuzendariarekin hitz egin nahi dugu], esan genien bertako trajedun gizonei. 'Y eso que es?' [Eta hori zer da?], erantzun ziguten. Gazte kuadrilla bat ginela ikusi zuten, eta proposatu genien ideia gustatu egin zitzaien".
Sarasuak, bere aldetik, aldaketa handia nabaritu zuen klubean babesle berriak bilatzen hasi zirenean. "Bitter Cinzano izan zen gure lehen babeslea. Bitter Kas eta Bitter Cinzano edaten ziren garai hartan. Cinzanok, Kasi kontra egiteko asmoarekin, kirol talde bat babestu nahi zuen. Baina egia esan beharra dut: taxi gidari batek itxi zigun kontratua. Hondarribiko aireportura iritsi zen Cinzano ordezkatzen zuen bikotea. Taxia hartu zuten hona etortzeko. Bidean, gidariari galdetu zioten ea arraunaz zerbait bazekien. 'Nola ez dut jakingo, ba!', erantzun hark. Bikoteak, informazio gehiago eskuratu nahian, bere ustez ligako onenak nortzuk ziren galdetu zion, eta bere erantzunak harrituta laga omen zituen: 'Kabroi kuadrilla bat da, baina onenak Oriokoak dira'".
Huegunen iritziz, hiru momentuk definitzen dute Orio Arraunketa Elkartearen historia: batetik, 2017ko Kontxako Bandera, "historian dagoen erremonte handiena delako, ez baitugu inoiz berriz ikusiko horrelako zerbait"; bigarrenik, emakumeei emandako bultzada azpimarratu du, izan ere, "Oriok ere emakumeen taldea behar zuen, eta talde horrekin lorpen handiak izan ditugu, bai ligan, baita Kontxan ere"; hirugarrenik, zuzendaritzako azken urtean hiru ligak irabazi izana "ikaragarria" izan zela uste du. "Oriok ez zuen sekula ATC liga irabazi, eta 2019ko liga irabaztea ikaragarria izan zen, bai emakumeentzat, bai gizonentzat".