Baztan bailarako Lekaroz auzoan (Nafarroa) eraiki nahi duten Aroztegia proiektuaren aurkako erresistentzia jaialdia antolatu du Etxeluze gaztetxeak. Larunbatean izango da hitzordua, eta jasotako ekarpen guztiak "aroztegiaren aurkako erresistentzia kutxara" bideratuko dituzte.
Herritarrak proiektuaren inguruan kontzientziatzeko hitzaldi bat eskainiko dute, 19:30ean hasita. Proiektuak Baztango bailaran eragingo dituen ondorioak izango dituzte hizpide. Hitzaldiaren ostean, bertaratutakoek afaltzeko aukera izango dute, 21:00etan, eta egunari amaiera emateko, Madame Birrots eta Kaskezur taldeek kontzertu bana eskainiko dute, 22:00etan hasita.