Gizartearen ohitura berrietara moldatzen

Julene Sorarrain eta Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 29a, 09:00

Joxe Ramon Iparragirre. (Arnaitz Rubio Aprea)

1959an jaioak dira Itziar Kirolak dendako Itziar Oliden, Zass ile apaindegiko Cristina Zaldua eta alde zaharreko Coviran dendako Joxe Ramon Iparragirre. Iaz 65 urte bete eta erretiroa hartuta, herrian hamarkada luzez emandako zerbitzu horiek belaunaldi berrien jarraipenik gabe gelditu dira. Etsipen zantzurik ez da, ordea, agurrean. Otsaileko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa.

Joxe Ramon Iparragirre (Orio, 1959) salmahaiaren atzean jaio zen. Hala gogoratzen du berak behintzat. Bere gurasoek ireki zuten gaur egun herrian hain ezaguna den alde zaharreko Coviran elikagai denda. Salmahai horren atzetik ikusiz eta ikasiz jaso du Iparragirrek dakien guztia. Urteak, ordea, gainera etorri zaizkio, eta iazko abenduan itxi egin zuen denda, jubilatzeko garaia iritsi zaiolako. Haur bat zenetik hain gertu bizi izan duen lanbidea utzi beharrak nahigabetu egin duen arren, urte hauetan guztietan sektoreak bizi izan dituen aldaketen inguruan gogoeta bat egitera ere eraman du.

"Aita itsasoan ibiltzen zen lanean, eta ama Donostiakoa zen. Etxebizitza bat bilatzerako orduan, aitak Orion alokairuan zegoen denda baten berri izan zuen. Baina, denda ez ezik, eraikin osoa zetorren alokairuaren barruan. Etxe hura, ordea, oso zaharra zen, egurrezko azpiegitura baitzuen. Han bizi ziren bitartean, gaur egun denda dugun etxea eraikitzen ari ziren, eta behin obrak amaituta, hona etorri ginen bizitzera", ekarri du gogora.

Bere aitak, jubilatu ostean, Coviran kooperatibako bazkide izateari utzi zion eta, ondorioz, Iparragirrek hartu zuen erreleboa. Bere hitzetan, dendaren egoera "asko" aldatu da urteak igaro ahala. Garai haietan, asteko egunik gogorrena larunbata zela azaldu du, eta gaur egun, berriz, "makalena" dela. "Zenbait unetan, larunbatetan ez irekitzekotan egon gara emaztea eta biok. Baina, hala eta guztiz ere, zerbitzua ematen jarraitu dugu".

Iparragirrek txikitatik izan du argi nahiago zuela ikasi baino lan egin. "Niri ikasketak ez zitzaizkidan gustatzen, eta gaztetatik argi nuen lanean hasi nahi nuela. Gurasoek heziketarako aukera eman zidaten arren, nik lanean hasi nahi nuen. Erabaki horren aurrean, gurasoek ahal zuten ondoen erakutsi zidaten beren ogibidea. Horrek ematen dizu esperientzia. Behin lanean hasitakoan, norberak ikusiz ikasten du".

Dendariak bere gurasoen erreleboa gustura hartu zuen arren, bere semearentzat "etorkizun hobea" espero du: "Gure semeari heziketa bat eman diogu, eta ni baino hobeto bizitzea nahi dut. Gure sektorearen gaur egungo egoera gogorra da. Gero eta baldintza okerragoak ditugu, eta bizimodua, ahal duen heinean, beste leku batetik ateratzea eskatzen diogu". Gizartearen ohiturak eta bizimodua ere asko aldatu direla azaldu du Iparragirrek, eta gaur egungo egoerak bere garaiko ohiturekin "zerikusirik ez" duela gaineratu du. "Garai hartan, lana egiten zen larunbatetan, eta jendeak ez zuen jai izaten. Beraz, goizetan egiten ziren astebururako erosketak. Gabonak etortzear zirenean, gurasoek beti gauza bera zioten: 'Mahaian ez dadila ezer falta!'. Orain, ordea, kalera irteten gara afaltzera".

Dendari txikientzat, Ticket Bai bezalako sistemak "azken errematea" izan direla gehitu du dendariak. "Agintariek urtero gauza bera egiten dute; dendari txikiok bidetik kendu nahi gaituzte. Gure sektorearen barruan dauden lantoki guztietan, ordutegiak kentzen ari dira. Astean zehar lana egiten duzu, baina dagoeneko eguerdietan ez da denda ixten". Negozio txiki askoren errealitatea bihurtzen ari dela azaldu du oriotarrak, eta bezeroak "ohitu" egiten direla egun osoko zerbitzura. "Jendeak hori espero du zutaz; beti hor egotea. Nik ez dut laguntzarik eskatzen, baina ez digute beste aukerarik eman. Ohiturak aldatzen ari dira, eta gu ohitura berrietara moldatu behar gara".

Iparragirrek ere negozio handien eta makroenpresen inpaktua azpimarratu du, baita horiek denda txikiengan duten eragina ere. "Orain nabaritzen da gehiago negozio handien inpaktua. Euskal Herrira iristen hasi zirenean, urruti ikusten genituen, eta orain, ate ondoan ditugu". Negozio handiek ez ezik, Internetek ere eragin handia izan duela azaldu du: "Denda txikiekin gertatzen ari dena da pare bat gauza erosteko leku bilakatzen ari direla: 'Hau ahaztu zait, dendara joango naiz!'. Baina ohitura berri horretatik ezin dugu bizi". Erosketak supermerkatu handietan egiteko eta Internetetik erosteko joera ez ezik, aurrez prestatutako janariaren "arazoa" ere aipatu du: "Gaur egungo gizarteak dena azkar, merke eta eskura nahi du".

Momentu onak eta txarrak bizi izan dituen arren, Iparragirrek aitortu du estutasun momentuetan ikasi duela gehien. "Horrelako negozio bat ireki nahi duenari, gogorra dela esango nioke, baita oraingo egoeraren aurrean errealitatea ikusi beharra duela ere. Merkatura joaten naizenean, oraindik ere herritarrak ikusten ditut bertan. Baina urteek aurrera egin ahala, ohiturak aldatzen joango dira". Aurrekoan harakin gazte batekin bizitako pasarte bat kontatu du Iparragirrek, nola hark, "tamalez", utzi egin behar izan zuen bere lana, ezin zuelako aurrera atera. "Zuk lanerako gogoa duzu, eta zerbait aurrezten duzun arren, ez dizu bizitzeko ematen. Orain, alokairuekin dugun arazoaren aurrean, gutxi batzuk iristen dira lokala ordaintzera. Nik, arazo horren aurrean, ez dut pentsatzen nire lokala alokatzerik".

Lanbideak dituen alde txar guztien gainetik, ordea, dendariak bere bezeroak maitasunez gogoratuko ditu, eta badaki beraren "falta sumatuko" dutela. Iparragirrek ostalaritzarekin alderatu du bere lanbidea, izan ere, asteburuetan lan egin beharrak lagunekin eta familiarekin planak ezin egin izana suposatu dio, eta orain denda itxi duela, urte horiek guztiak berreskuratuko ditu. "Orain ondo bizi nahi dut. 65 urte ditut, eta gazte sentitzen naiz".

Erlazionatuak

Saltoki hutsak baino gehiago

Julene Sorarrain eta Onintza Lete Arrieta mar 29 Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide