Hamarkada luzez gurasoen ofizioei jarraitu diete Cristina eta Adela Zaldua ahizpek, baita Itziar Olidenek eta Joxe Ramon Iparragirrek ere. Ile apaintzaileak izan dira aurreneko biak, dendariak azken biak. Orioko bizitzaren parte izan dira beraien erakusleihoak eta barruan eskaini dutena, baina iritsi zaie pertsiana jaisteko unea. Ondo merezitako erretiroa hartu dute, eta horretaz eta beren lanbideez hitz egiteko elkartu ditu Gukak. Zalduatarren ama batu da elkarrizketara, Mari Carmen San Sebastian. "Gauza politak bakarrik jarri, e!", eskatu diote kazetariari. Elkar ondo ezagutzen dute elkarrizketatuek, batez ere lau emakumeek. "Ixiar gure bezeroa izan da betidanik", esan du Zaldua ahizpa zaharrenak, Cristinak. Konfiantza giroan hasi dira berriketan, mahaiaren bueltan. Gogor lan egin dute, eta belaunaldi berriek ez dute jarraitu nahi izan beren bidea, baina ez dago tristurarik eta etsipenik beren aurpegi eta arimetan. Alderantziz. Oso argi mintzatu da Itziar Kirolak denda eduki duen Oliden: "Nik zerbait ondo egin badut, zera izan da: seme-alabei negozioaren alde txarrak erakutsi. Ikasteko esan izan diet beti, eta ahal bazuten, beren bidetik jarraitzeko, negozioa hor zeukatelako bestela ere. Ikusten denez, ondo erakutsi diet hori, ez dutelako ezer jakin nahi dendaz". Barre egin dute denek.
Zaldua ahizpa gazteak ere esan du alabek ez dutela jarraitu nahi izan bere ofizioa: "Ikusi dute zeinen gogorra izan den". Ahizpak, dena den, alderdi ona azaldu nahi du: "Nahi ditugu eskertu, guk behintzat, eta pentsatzen dut baita Ixiarrek ere, bezero guztiak, hainbeste urtetan gurekin egon direlako, eta gure lankide guztiak ere aipatu nahi ditugu, batez ere azken biak: Kandi 25 urtez aritu da gurekin, eta Idoia, hamasei urtez. Guretzat lankideak ez, etxekoak dira. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hori azpimarratzea". Ahizpa ere bat etorri da horretan.
70 urte atzera eginda
Hamarkada asko egin behar da atzera zalduatarren ofizioaren sorrerara iristeko. San Sebastianek ile apaintzaile izatea erabaki zuen garaira, 1950 ingurura. Zarautzen hasi zen ikasten, 14 urterekin, eta 18 urterekin zabaldu zuen ile apaindegia, berak bakarrik. Etxean bertan jarri zuen, etxabe batean bizi zelako. Alabek kontatu dute amarekin ikasi zutela ofizioa, gero titulua atera arren. "Buruak garbitzen nituen", gogora ekarri du ahizpa zaharrenak. Horren aurretik, 10 urterekin edo, toallak tolesten aritzen zirela esan dute, barrez. "Gure etxean beste konturik ez da izan, Ixiarrenean harategia izango zen bezala", gaineratu du Zalduak.
San Sebastianek etxean jarraitu zuen lanean, bi alabek ere ile apaintzaileak izan nahi zutela esan zuten arte. "Orduan atera ginen kalera", kontatu du amak. Alaba gazteenak azaldu du amak ez zuela beti etxe berean eduki negozioa. "Aurrena etxe batean bizi izan ginen, eta han eduki zuen; gero beste etxe batera joan ginen, eta han ere eduki zuen". Ahizpak jarraitu du hizketan: "Gure etxean beti kanpoko jendea ibili izan da".
Kalera atera zirenean, aurreneko ile apaindegiari Triku jarri zioten izena, eta ondorengoari, Zass!. Azken horretan jardun dute lanean 1992. urtetik 2024ko hondarrera arte. "Gure abizenen aurreneko hitzak dira, Zaldua San Sebastian, eta horregatik jarri genuen", kontatu du Cristinak: "Aurretik, beti ginen Mari Karmen pelukera-ren alabak. Aitak esan zigun Zaldua jartzeko, baina, beti ama aritu ile apaintzaile, eta guk aitarena bakarrik jarri? Baita zera ere!".
San Sebastianek ere gogoan ditu bera hasi zeneko uneak. Bakardaderik ez zuen sentitu, ordea: "Oso lagunduta sentitu nintzen. Neure etxean jarri nuen ile apaindegia, sukaldearen ondoan, eta beraz, beti edukitzen nuen ama edo norbait inguruan, laguntzeko".
Lanean pixkanaka hasi zela oroitzen du, baina alaba zaharrenak gogorarazi dio "ordutegirik gabe" aritzen zela. "San Pedro jai batzuetan hogeita lau orduz jardun zuen lanean", gaineratu du alaba gazteenak. Baieztatu egin du amak: "Herriko festetan, egun batean 07:00etan hasi nintzen lanean, eta hurrengo eguneko 07:00ak jo zizkidan amaitzerako", kontatu du. Izan ere, lehen desberdina zen dena Zaldua ahizpen ustez. Beste istorio bat kontatu du amak: "Haurdun nintzela, lanean aritu nintzen 21:30era arte, eta alaba 01:00etan erditu nuen". Alaba zaharrenak beste oroitzapen bat partekatu du, amaren lanorduak nolakoak izaten ziren argi gelditu dadin: "Gogoan dut larunbatetan, nik18 urte edo nituenean, nola etortzen ziren batzuk 20:30ean orrazteko eskatzen, eta gu 22:00etan haiek alde egiteko zain nola egoten ginen, afaltzen hasi ahal izateko".
San Sebastian jubilatu zen, baina inoiz ez da asko urrundu ofiziotik. "Amak utzi zuen, jubilatu zen, baina laguntzera etortzen zitzaigun beti; lehen bazegoen gauza horiek egitea. Orain, ez. Orain jubilatzen bazara, ezin da", azaldu du Zaldua ahizpetan nagusienak. "Gero niri etorri zait erretiroa hartzeko adina, joan den irailean 65 urte egin nituelako. Nire ahizpa sei urte gazteago da, baina gauzak horrela tokatu dira, eta ixtea erabaki dugu", gaineratu du.
Harategitik kirol dendara
Zaldua ahizpek amak hasitako bidea jarraitu zuten, eta Olidenek ere bai, nahiz eta gero beste norabide bat eman zion saltzaile ogibideari. Bere gurasoek harategia zeukaten, eta han hasi zen lanean anaietako batekin batera. "Gero, anaiaren neska langabezian gelditu zen, eta gurekin hasi zen lanean", kontatu du. "Beraiek bakarrik oso ondo moldatzen ziren, eta ni soberan sentitu nintzen", gaineratu du. Lokal bat zeukaten hutsik familian, eta Olidenek erabaki zuen zerbait jartzea han: "Ez nekien zer jarri. Uda zen, eta hondartzarako eta arrantzarako gauzak eskaintzen hasi nintzen, pixkanaka, garai hartan ez zelako erraza markak-eta lortzea. Poliki-poliki, dendari kolorea emanez joan naiz, eta bukatu du kirol arropa denda izaten". 43 urte egin ditu azkenerako, erretiratzeko adina iritsi zaion arte.
Dendaren izena ere –Itziar Kirolak–, asko pentsatu gabe jarri omen zuela kontatu du, eta gerora damutu izan dela: "Adibidez, futbolekoak laguntza eske etortzen baziren, gero nire izena ikusi behar izaten nuen haien kamisetetan. Hori ez zitzaidan batere gustatzen". Hainbeste urte pasatu ondoren, ordea, pentsatu zuen ezingo zela, bada, orduan hasi izena aldatzen.
Plan faltarik ez
Gabonen aurretik denda itxi, eta Olidenek ez du denbora alferrik galdu: pertsiana jaitsi orduko, AEK euskaltegian hasi da, "idazten ikasten". Lau biloba txiki ere baditu, eta horiekin "oso gustura" egoten dela gaineratu du. "Oso momentu politean gaude, eta orain aprobetxatu beharra daukat, laster kasurik ere ez baitidate egingo". Gabonak denda barrutik beharrean, kaletik ezagutzeko ere sekulako ilusioa zeukan Olidenek [erreportajerako abenduan egin zuten elkarrizketa], baita Aste Santuak eta halako garai bereziez gozatzeko ere.
Adela, berriz, larunbat eguerdietan kalera zerbait hartzera ateratzeko irrikaz zen. "Inoiz ez gara atera izan larunbat eguerdi batean; lo ere ez genuen ondo egiten ostiraletan. Orain, berriz, lasai". Cristinak esan du aita eta ama, biak dituztela, eta haiek zaintzeko ere denbora dutela orain. "Diferentzia ederra", esan dio amak, aldamenetik.
Pribilegiatuak
Bezero asko oso fidelak eduki dituzte bai ile apaindegian, bai kirol dendan, lau emakumeek azpimarratu nahi izan dutenez. "Ile apaindegian, esaterako, asko astero-astero etortzen ziren, eta asteren batean falta baziren, gaixorik ote zeuden edo kezkatzen hasten ginen. Oso etxekoak izan ditugu denak, eta horregatik nahi dugu azpimarratu denei eskerrak ematea. Oraindik badaukagu bezero bat, etxean gaixo egon eta ezin duelako kalera irten; Adela joaten zaio etxera. Bada, hura, gure amak orraztu zuen bere ezkontzarako duela 70 urte edo. 90 urtetik gora ditu, eta hala esan zigun: 'Ni zuen amarekin hasi nintzen, eta zuekin hilko naiz, eta etorri hona ni orraztera hil behar dudanean'. Gure amarekin hasitako bezero dezente izan ditugu", kontatu du Zaldua ahizpetan nagusienak.
Urte hauetan bizitako istorio gehienak politak direla esan dute, eta Zaldua ahizpa zaharrena Olideni hasi zaio, ea gogoan duen bera ezkondu zenekoa, elurra egin zuela, eta nola orraztu zuten. "Oso gustura joan gara lanera", gaineratu du, egindako ibilbideaz akordatuta.
Oliden ere ildo beretik mintzatu da: "Pentsatzen hasiz gero, pribilegiatua izan naizela esango nuke: inork ez dit agindu, neure umeez arduratu naiz bazkaria emateko eta, nahiz eta agian beraiek esango luketen pixka bat utzita izan ditudala, eta nire gurasoen beharretara ere denda moldatu nuen, adibidez".
Erretiroa hartu izanak pena pixka bat ere ematen dio Zaldua ahizpa nagusiari, "baina pixka bat bizi ere egin nahi dugu", gaineratu du. Olidenek, berriz, ez du inolako penarik: "Nik atea oso ondo itxi dut. Sartzen naiz, eta esaten dut, 'ene, kaxoi hauek ere hustu beharko dizkinat ba', baina tira, hurrengoan. Oso gustura nago. Pena ematen dit herri mailan, saltoki bat gutxiago gelditzen delako", esan du. Zalduak erantzun dio beraiek ere egiteko dutela garbiketa, baina alde batetik pena ematen diola gauzak botatzeak. "Ez da jubilatzea bakarrik, etapa bat amaitzea eta bestea hastea ere bada".
Beraiek kontatutakoaren harira, kazetariak galdera zehatza jaurti die: beren bezeroak zer oroitzapenekin gelditzea nahiko lukete? Cristinak hartu du hitza aurrena: "Ez dakizu zenbatek esan zigun laneko azken astean sekulako faena egiten geniela, eta nolatan itxi behar genuen. Horrek esan nahi du estimatzen gaituztela". Ahizpa Zarauzko Santa Ana egoitzara hasi da joaten ile apaintzaile zerbitzua eskaintzera, eta horri ere egin dizkiote komentarioak bezeroek: "Ez dakizu zenbat jendek esan didan: 'Ze ederki, egoitzara joango naizenez, zuk orraztuko nauzu!'. Hori entzutea ere ederra da". Sentipen bera du Olidenek: "Niri ere jende askok esan dit ea orain nora joan behar duen erostera. Eta badakizu, gainera, batzuek benetan esaten dutela".
"Gu asebeteta gelditu gara, ez dugu itxi behea jo dugulako eta bezero falta genuelako", laburbildu du Cristinak: "Erderaz esaten den moduan, izan da una retirada a tiempo. Uste dut ez guk, ez Ixiarrek, ez dugula arrasto txarrik utzi Orion".
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta utzitakoak.