Oso deigarria iruditu zitzaidan duela gutxi Interneten ikusi nuen bideo bat. Nire adineko neska batek asteko erosketaren zerrenda nola egin azaltzen zuen, pausoz pauso, Chat GPT tresnaren bidez. Amari aurkikuntza horren inguruan hitz egin ostean, bere lagun batzuei duela gutxi gertatutakoa kontatu zidan.
"Guztira bost lagun dira eta herri berean bizi dira. Denek Bilbo inguruan lan egiten dutenez, goizean goiz elkartzen dira plazako tabernan, kafe bat hartu eta ondoren autoa partekatzeko. Txandaka aritzen dira, bidaiako gastuak murrizteko asmoarekin. Ideia horren aitzindariak izan ziren, eta ezagun dezente hasi ziren gauza bera egiten, sos batzuk aurrezteko.
Antxon izan zen lehenengoa eguneroko hitzordura kale egiten. Birmoldaketa zela eta, lantaldearen erdia langabezian geratu zen, makina handi berri haiek beren lana egingo zutelakoan.
Aitorri tokatzen zitzaion kotxea eramatea aste hartan. Lau lagunak, kafea hartu ondoren, kontu kontari abiatu ziren beren lantokietara bidean. Itzulia askoz isilagoa izan zen, ordea. Nerearen enpresak murrizketak egin zituen lantaldean, haurrentzako ipuinen ilustrazioak egiteko modu azkarragoa eta merkeagoa aurkitu omen zutelako. Zer egingo du ba Nereak adimen artifizialaren aurka?
Goizeko algarak gero eta isilago bihurtu ziren, jakina; hiruk gutxiago hitz egiten dute bostek baino. Eta a zer atsekabea Karmelek komentatu zuenean etxetik egin behar zuela lan! Zer egin behar zuten beste bi lagunek?
Hurrengo egunetan saiatuko ziren kafe garaian bidaiarako lagunak aurkitzen. Baina azkar egin beharko zuten, taberna itxi egin behar baitzuten. Zerbitzariaren ordez kafe makina bat jarriko zuten lokalaren kanpoan. 'Modan daude 24 orduko salmenta makinak! Denetik izango duzue eskura: ogitartekoak, kafesnea, freskagarriak... Ez duzue ezeren falta sumatuko!', azaldu zien jabeak.
Ez ziren asko harritu, egia esan. Mikel gidoilaria da, eta azken urteetan ordenagailu batek istorio gehiago idatzi ditu berak baino. Bi aste igaro ostean jaso zuen iraizpen gutuna, bere beharrik ez zegoela azalduz, eta gehiago ez joateko esanez".
The Brutalist aurtengo Oscar sarietan film sarituena ikustera joan nintzen aurrekoan. Adrien Brody aktore estatubatuarrak Hungarian jaiotako arkitekto judu bat antzezten du. Nire ezusterako, hiru ordu eta erdiko iraupena duen filamaren atsedenaldian, trama osoko spoiler-ik handiena egin zidaten: "Badakizu adimen artifiziala erabili dutela protagonistaren azentua hobetzeko?". Teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa dute gure gizartean. Sortzaile askok diote, horien erabilera egokia eginez, ez luketela mehatxu bat izan beharko. Beste askok, ordea, galdutzat dute borroka.