Emakumezkoen Ohorezko Mailara igotzeko txartelaren bila ari dira igoera fasea jokatzen Orioko Futbol Taldeko neska seniorrak. Aitor Arregiren neskek atzo izan zuten asteburu honetako partida, eta Debagoienaren kontra bana berdinduta –Maddi Etxeberriak sartu zuen oriotarren gola–, lider dira beren multzoan, lau punturekin.
Ligan hirugarren sailkatu da Orioko FT, eta emaitza on horri esker ari da igoera fasea jokatzen. Hamar futbol talde ari dira lehian, bost taldeko bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko txapeldunek lortuko dute gora igotzea, eta elkarren aurka finala ere jokatuko dute, txapeldun zein geratu erabakitzeko. Horrez gain, multzoan bigarren geratu direnek elkarren aurka joan-etorriko kanporaketa jokatu beharko dute, eta irabazleak hirugarren txartela lortuko du Emakumezkoen Ohorezko Mailan aritzeko datorren denboraldian.
Hurrengo asteburuan ez du partidarik izango Orioko FTk, atsedena tokatzen zaiolako, eta laugarren partida etxean bertan izango dute, martxoaren 23an, Martuteneren kontra.