Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak bihar, igandea, jokatuko du denboraldi honetako etxeko aurreneko partida Kanarietako Capitalinos taldearen aurka. Espainiako gorengo ligan lehiatuko du aurten ere, eta aurreneko jardunaldia aurreko astean Madrilen jokatzekoak baziren ere, eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zituzten hango hitzorduak. Maiatzaren 1ean itzuli beharko dute galdutako jardunaldia berreskuratzera.
Iaztik hona taldean ez dute izan aldaketa handirik jokalariei dagokienez, eta hala, aurtengo denboraldian ere harrobiko jokalariz osatutako taldea izango du OBBk – Iparraldetik etorritako kirolari bat izan ezik–, eta horietatik zazpi oriotarrak dira. Gainerako taldekideak zarauztarrak, donostiarrak, bilbotarrak eta iruñearrak dira.
Fitxajerik gabe, zaila ikusten dute iazko balentria errepikatzea –txapeldunordeak izan ziren–, baina hori bai, ligako lau onenen artean gelditzea dute helburu, iaz bezala, kopa jokatu ahal izateko.