Itsas Arrantzako Ikuskaritzako langileentzat lan baldintza duinak eskatu dituzte

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 2a, 10:00

Getariako portuan ostiralean egin zuten elkarretaratzeko irudia. (ELA)

ELAk eta CCOO sindikatuek egin dute protesta, eta iragarri dute greba mugagabea hasiko dutela bihar, astelehenean.

Estatuko Administrazio Orokorreko Itsas Arrantzako Ikuskaritzako langileentzat lan baldintza hobeak nahi dituzte ELA eta CCOO sindikatuek, eta horregatik, elkarretaratzea egin zuten ostiral goizean Getariako portuan. Hantxe iragarri dute greba mugagabeari ekingo diotela bihartik aurrera, martxoaren 3tik.

ELAk salatu du kolektibo horren lan arriskuen ebaluazioa osatugabea dela, eta segurtasun arloko prestakuntzan gabeziak daudela.

"Ikuskatzaileak urtebete baino gehiago aritu dira ordutegien jarraibide berrian oinarrituta lan egiten, eta frogatu da sistema hori ez dela eraginkorra erakundeek ezarritako ikuskapen helburuak lortzeko", esan du ELAk. Sindikatuaren ustez, "horrek diru publikoa xahutzea dakar: askotan, ikuskatzaileak arrantza jarduerarik ez dagoen ordutegietan programatzen dira, eta ez daude kontrol premia handieneko uneetan. Instrukzio ez-eraginkor horren beste ondorio bat presio ikuskatzailearen eraginkortasun eza da. Araudia betetzen duten floten ikuskapen nabarmena dago, eta ez-betetze arrisku handiena duten flotek kontrol txikiagoa dute, ez baita arrisku irizpiderik erabiltzen ikuskapen helburuak hautatzeko" sindikatu horren hitzetan.

Ondorioak arrainaren prezioetan ere nabaritzen direla esan du ELAk: "Ez-betetze handieneko flotak gutxiago kontrolatzeak eragin negatiboa du legez harrapatutako arrainaren lonjako prezioetan. Egoera hori arrantza-ikuskatzaileen eginkizunei berez lotutako erabilgarritasuna eta ordutegi bereziak behar bezala aitortzeari uko egitearen ondorio da".

Grebara deitu duten sindikatuentzat egoera hau "arrantza ikuskatzaileen funtzioei intrintsekoki lotutako ordutegi bereziak eta erabilgarritasuna behar bezala ez onartzearen ondorio da", eta harago joan dira: "Hori iraina da, beste funtzionario askok beren lanpostuetarako ezaugarri berezi horiek formalki aitortuta dituztelako eta horren ondorioz konpentsatzen direlako".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide