Jon Azkue: "Joan den asteko partida berezia izan zen niretzat, eta gaurkoa, pixka bat gehiago"

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 25a, 15:12

Jon Azkue, joan den astean, Bidasoaren aurkako partidan. (Limoges)

Eskubaloi jokalari oriotarra Frantziako Limoges taldean dabil, baina gaur iluntzean bere lehengo taldearen kontra ariko da, Bidasoaren kontra, Irunen bertan.

Joan den astean 31-30 gailendu zitzaion Frantziako Limoges eskubaloi taldea Irungo (Gipuzkoa) Bidasoa taldeari Europako Ligako norgehiagokan. Gaur berriz neurtuko dituzte indarrak bi taldeek, oraingoan Bidasoaren etxean, Artalekun, 20:54ean hasiko den lehian. Hantxe izango da Jon Azkue oriotarra. Hamabi urtez jantzi zuen Bidasoaren elastikoa, baina Limogesen dabil azken urte eta erdian. Hitzordu berezia izan zen joan den astekoa oriotarrarentzat, "eta are bereziagoa", berriz, gaurkoa. Bidasoan bi zumaiarrek jokatzen dute, gainera, gaur egun: Asier eta Jon Ander Iribar anaiek. 

Goizean Artalekun bertan entrenatu du Azkuek taldearekin, eta balio izan dio "etxera bueltatzearen lehenengo sentsazio hori gainetik kentzeko", baina uste du iluntzean egoera oso bestelakoa izango dela, "goraino beteko direlako harmailak". Etxekoak eta lagunak ere espero ditu ikusleen artean. "Ez da oso ohikoa kanpora jokatzera joan eta etxeko taldearen kontra jokatzea tokatzea, eta ingurukoek aprobetxatuko dute gerturatzeko, bai", adierazi dio Gukari telefonoaren bestaldetik.

Puntu garrantzitsuak jokoan

Joan den astean Azkueren taldeak azken-azken unean lortu zuen Bidasoari gailentzea, "jada partida amaituta, denbora geldituta, penalti bat sartuta".  Hurrengo fasera begira, garaipen hori "oso garrantzitsua" izan zela esan du. Gaur ere garaipenaren bila aterako dira, baina aitortu du ez dela erraza izango. Lau multzo daude Europako Ligan, eta beraien multzoan lidertzagatik ari dira borrokan bai Limoges, bai Bidasoa, aurrenengoa zuzenean sailkatuko delako final laurdenetara. Bi taldeak, dagoeneko, final zortzirenetara sailkatuta daude matematikoki. Hurrengo astean izango dituzte azken partidak. Limogesek Ystad talde suediarra izango du aurkari; Bidasoak, Benfica talde portugaldarra.

Lanak ahalik txukunen egin nahi dituzte Europako Ligan, iazko denboraldian aurreneko aldiz lortu zuelako taldeak Europara sailkatzea: "Oso klub berria da, 20 urte ditu, eta iaz denboraldi oso ona egin eta historian lehenengo aldiz lortu genuen Europarako txartela. Aurten, batez ere ligan ari gara nabaritzen partida asko ari direla izaten, liga, Europako txapelketa, Frantziako kopa... eta ligan pixka bat gogorra izan da aurreneko buelta. Bigarren buelta, berriz, oso ona ari da izaten. Europan final zortzirenetarako txartela jada lortu dugu, eta final laurdenetarako borrokan gabiltza". Ligan ere goraka doaz, eta sailkaparen erdialdean daude orain. Frantziako kopan ere finalerdietan daude, eta beraz, "orokorrean denboraldi oso ona" izaten ari dela uste du Azkuek.

Bera ere sasoi onean da. Iaz ezin izan zuen jokatu, belauna puskatu baitzuen, lotailu gurutzatuak, zehazki, baina "guztiz errekuperatuta" dagoela esan du, eta hasiera-hasieratik ari dela jokatzen. "Belaunaz, egia esan, zeharo ahaztuta nago".

"Etxera" bueltatzeko nahia

Azkue gustura da Frantziako taldean, eta 2027. urtera arte luzatu berri du kontratua. "Gustura nago; izan ere, klubak eta entrenatzaileak konfiantza osoa eskaini didate. Oso gustura nago konfiantza erakutsi didatelako; garrantzitsua da hori niretzat".

Frantzian pozik egon arren, ez du ezkutatzen "etxera", Bidasoara, gustura bueltatuko litzatekeenik: "Joan nintzen unetik esan nuen egunen batean gustatuko litzaidakeela itzultzea, eta gauza bera pentsatzen jarraitzen dut: nahiko nituzke Bidasoako koloreak jantzi berriro".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide