Haur eta gaztetxoentzako animaziozko pelikula bat proiektatuko dute hemendik bi astera Kultur Etxeko aretoan. Robotia filma hautatu dute saio horretarako, eta martxoaren 15ean eskainiko dute, larunbatarekin, 17:00etan hasita.
Androidez osatutako mundu batean, bi robot fabrika berean eraikitzen dituzte, material berberekin eta aldi berean eginak. Urteak igaroko dira berriro topo egin arte. Alexek fabrikazio-akatsa duela dirudi, eta gurasoek kanpoaldeko herri txiki batera bidaltzen dute. Bibi, berriz, gurasoek eta irakasleek kontrolatutako ingurune kontserbadore batean hazten da. Biek maite dute futbola. Alexek uste du ezin duela jokatu, eta Bibiri ez diote uzten. Hala ere, robot talde zoragarri batekin batera, futbol zelaian elkartuko dira.