Danbolin eskolako ikasleen dantza emanaldiak goraino bete du kiroldegia

Julene Sorarrain 2025ko ots. 23a, 18:58

Goizean eta arratsaldean eskaini dute ikuskizuna Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleek. Herritar mordoa gerturatu da Karela kiroldegira emanaldia ikustera, eta harmailak goraino bete dituzte.

Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleek dantza emanaldia eskaini dute gaur Karela kiroldegian. Lehenengo txanda eguerdian izan da, 13:00etan, eta bertan 4 eta 6 urte bitarteko haurrek dantzatu dute. Arratsaldean, aldiz, 7 eta 13 urte bitartekoen txanda izan da, eta herritarrak gogo biziz bertaratu dira, izan ere, kiroldegiko harmailak goraino bete dituzte.

Gaztetxoenek eman die hasiera ikuskizunari, eta beren atzetik dantzatu dute gainontzekoek, ikasmailaren arabera. Besteak beste, euskal dantzak eta koreografia garaikideagoak eskaini dituzte. Gainera, Danbolin eskolako musika ikasle eta irakasleak emanaldia girotzen aritu dira.

Gaztetxoek ez ezik, Harribil taldeko dantzariek ere parte hartu dute emanaldian, eta txaloka eta txistuka zoriondu dituzte ikusleek. Amaitzeko, adin guztietako dantzariak atera dira pistara, eta denek batera dantzatu dute Bulegoren Gure bihotzaren taupadak, aurtengo Euskaraldiaren abestia. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide