Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria joan den abenduko udalbatzarrean onartu zen behin-behinean, eta Orioko Udalak aurreikusten du behin betikoa urtebetera-edo emango diola Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Behin aldundiarena jasotakoan, "herri aurkezpen bat egitea" aurreikusten du udalak. Dena den, gaur oharra kaleratu du HAPO berriko puntu garrantzitsuenak gogoraraziz, baita hura laburbiltzen duen pdf formatuko dokumentua herritarren eskura jarriz ere. Han, orain arte jakinarazi gabeko hainbat xehetasun ageri dira.
Horietako bat da kofradiari dagokiona. 2019an eraitsi zen kofradia zaharra, eta udalak jakinarazi du Kofradia berria eraikitzeko proiektua martxan dela dagoeneko, eta eraikin berriak hartuko dituen zerbitzuen azterketa egiten ari dela udala. "Besteak beste, kofradiak behar duen espazioa eta bulegoez gain, interpretazio zentro bat eta turismo bulegoa hartuko ditu, erabilera anitzeko areto batekin batera".
Dikeko eremuan, berriz, "urte luzez han izan zen marea-dikea gogora ekarriko duen ekipamendua aurreikusten da". Udalak azaldu du lau ekipamendu mota jasoko dituela eremuak: lehenik, marea-dikea gogora ekartzeko udal ekipamendua; bigarrenik, Aita Lertxundi kalera ematen duten eraikinen artean, 400 metro koadro inguruko lursaila, ekipamenduetarako; hirugarrenik, ibaiaren aldean, 1.000 metro koadro inguruko espazio bat; laugarrenik, tokiko merkataritza sustatzeko lokalak, etxebizitzen beheko solairuetan.
Azkenik, Dike eremuan aparkaleku publikoak egiteko aukera egongo dela esan du udalak.
Etxebizitza izaera eta arauei dagokienez, teilatu azpian etxebizitzak egitea onartuko dela eta etxebizitzak segregatzeko aukera emango dela jakinarazi du udalak, baldintza jakin batzuk betetzen badira.
HAPO berriaren aldaketa nagusiak
Orioko Udalak oharrean nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren gidalerroek ezarritako gehieneko etxebizitza kopurua baino "askoz gutxiago" eraikitzea aurreikusten duela, "udalak herriaren hazkunde jasangarria sustatu nahi duelako". Plan Orokorrean udalak "ahalik eta etxebizitza sozial gehien izatea" sustatu duela ere azpimarratu du.
HAPO berriak jasotzen dituen aldaketa nagusiak puntuz puntu zerrendatu ditu udalak.
- Eraikiko diren etxe multzo guztietan izaera sozialeko etxebizitzak izatea bultzatu du udalak, baina babestutako etxebizitza horien izaera ez du HAPOak definitzen: aurrerago ikusi beharko da nork sustatzen dituen eta alokairuzkoak edo salerostekoak izango diren.
- Trama urbanoan integratuta dauden industriagune degradatuei bizitegi erabilera emango zaie: Arozena, Arin&Enbil eta Gureak. Horrela, ez dira galduko herriko espazio berdeak eta herrigunea ez da neurririk gabe zabalduko.
- Errioaren hegoaldean, itsas-zorpeko eremua libratuko da, eta pasealeku berde bat sortuko da Xuai baserriraino (Aitzondo), Oribarzarko bidearekin lotuko dena eta uholdeetan ingurua babestuko duena. Gureak eremuaz gain, udalak Arin&Enbil lantegiaren eremua ere txertatu du HAPOan.
- Aurrerantzean, ez da turismo erabilera berririk baimenduko etxebizitzetan. Udalak bermatu nahi du herriko etxebizitzak herritarrak bizitzeko erabiltzen direla.
- Ekipamendu berriak sortzeko aukerak zabalduko dira HAPOarekin:
- Sotoak eskuratuko ditu udalak.
- Eraikin berriak egiteko hainbat partzela: Kofradia berria, Dike, Erribera kalearen luzapena, Abaromendi…
- Etxebizitza gune berrietan, lokalak eskuratuko ditu behe-solairuan.