Bandera eta txapelketa batzuk irabazitakoa bazara, baina Oriaren jaitsierarik ez larunbatera arte. Garaipen berezia izango da oriotar batentzat...
Zalantzarik gabe. Betidanik egiten zidan ilusio berezia hemen irabazteak; lehenik eta behin, etxean delako, Orioko estropada delako, eta bandera jasotzera zoazenean errio ertzean familiakoak, lagunak eta herrikoak ikustea polita delako eta bete egiten zaituelako. Bigarrenik, historikoki, estropada honetara talde guztiak etorri izan direlako proban jartzera eta neguko lanak onak edo txarrak izaten ari diren erreferentzia hartzera. Aurten, udan banderak eskuratzeko hautagai handiak diren Bermeo eta Zierbena ez dira etorri, eta alde horretatik, bandera honek aliziente hori apur bat galdu egin du. Bandera irabazi dugu, baina bi aukari nagusi horiekiko nola gauden oraindik ezin dugu ikusi. Dena den, estropada oso polita da Orioko jaitsiera, eta irabaztea askoz gehiago; herrikoa izanda, oso pozik nago.
Bestalde, publikoki eskerrak eman nahi nizkieke jaitsieran laguntzen aritu ziren boluntario guztiei, ezinbestekoa delako laguntza halako ekintzak aurrera eraman ahal izateko. Ez dakit klubak nahiko boluntario baduen, baina dituenak oso leialak dira, eta haiei esker eguna zoragarria gelditu zen.
Zierbena eta Bermeo falta arren, hamalau segundoko aldearekin irabazi zenuten estropada. Bada tarte polita, ezta?
Bai, eta Donostia [bigarrena] talde kontsolidatua da, gainera. Hondarribiak, berriz, aurten baja asko izan ditu, talde berri bat da, eta lehenengo estropada zuten. Bestalde, segundo horiek asko dirudite, baina badakigu nolakoa den errioko estropada hau: tramo batzuetan metro bat baborrera edo metro bat estriborrera joan, diferentziak marka litezke. Horregatik, ez diogu denborari gehiegi begiratzen: neguko lana ona izaten ari den erakusgarritzat hartzen dugu, eta alde horretatik gaude pozik. Gainera, estropada honi eman behar zaion garrantzia eman behar zaio, onerako zein txarrerako. Eredu bezala daukagu duela bi urte estropada honetan bigarren egin genuela Bermeogandik sei segundora eta uda, berriz, hanka okerrarekin hasi genuela; eta iaz, aldiz, hemen 45 segundora gelditu ginela eta gero, uztailean maila oso duina eman genuela.
Dena den, irabazteak konfiantza emango du...
Entrenatzaileak esaten zigun txalupa ondo zebilela. Irabaztetik datozenek hori badakite, baina gu lehengo urtean alerik ez irabaztetik gatoz, eta kolpetik esaten dizute irabazteko moduan zaudela, baina ikusi arte ezin duzu erabat sinestu. Alde horretatik, konfiantza emateko eta entrenatzaileak esaten duen hori berresteko estropada garrantzitsua izan da, eta lanean segitzeko motibazio iturri handi bat.
Bigarren taldeak ere lan ona egin zuen, seigarren helmugaratuta.
Ez dut esango bigarren taldea denik, baizik eta Orio B izenean atera zen txalupa. Izan ere, denboraldi honetan daramatzagun hiru hilabete hauetan ez gabiltza bananduta A eta B ontziak, 30 gizonak elkarrekin gabiltza lanean. Orio B izenarekin atera zen txalupa horrek horrenbeste oihartzun ez zuen izan bandera beste txalupak eraman zuelako, baina oso lan serioa egin zuela uste dut, oso-oso lan ona, TKE ligako traineru inportanteengandik oso gertu gelditu baitzen –baita bateren baten aurretik ere– eta KAEko guztien aurretik. Hortaz, goraipatu nahiko nuke haiek egin zuten lana, ez delako asko aipatu eta nabarmentzekoa iruditzen zaidalako. Horrek berresten du neguan denok egin dugun lana ona izan dela, ez bakarrik bandera irabazi zuten txalupakoek. Gazteak gogotsu datozela ikusten da, lanean oso ondo ari direla, eta horrela jarraitzen badute horrek bere fruituak emango dituela.
Castroko jaitsiera izango duzue hurrengo hitzordua, ezta?
Hala da, martxoaren 2an jokatuko dugu hori. Orain, ostegunera arte lehorreko lanean ariko gara, eta asteburuan uretara aterako gara bateletan estropadaren bat jokatzera. Lanean segitzeko unea da hau.