Guerara Orio elkarteak antolatuta, Saharako Festa Solidarioa ospatu dute gaur eguerdi partean Herriko Plazan. Urtero bezala, gaurkoan ere irrintziak bota dituzte udaletxeko balkoitik euskal eta saharar komunitateko hainbat emakumek, eskuetan ikurrina eta Saharako bandera zituztela. Anuska Esnal alkatea ere bertan izan da, eta hitz batzuk egin ditu Ahmed Aissa oriotarrak, saharar komunitatearen izenean.
Plazan jan-edana jarri dute herritarren eskura –gozokiak, haragi pintxoak eta tea–. Bildutako dirua errefuxiatuen kanpalekuei laguntzeko izango da.
Gaurko egunez beti jartzen dute haima ere, eta aurten, haima berria erakusteko aukera izan dute. Lehengoa baino handiagoa da, eta herritar nahiz bisitari ugari sartu da haima barrura. Hantxe eskaini diete tea nahi zutenei.
Berrikuntzarik ere izan da aurtengoan, sahara musika tradizionala jotzen duen talde batek parte hartu baitu festan, zuzeneko emanaldia eskainiz.
"Urtetik urtera, laguntza gehiago"
Ahmed Aissa oriotarrak Gukari azaldu dio "oso pozik" daudela elkartasun festak herrian duen harrerarekin. "Urtero bezala, ilusioz beterik gaude gaurko egunarekin; gainera, uste dugu urtetik urtera are laguntza gehiago ematen dutela herritarrek, eta oso pozik gaude".
Goiz hasi dira gaur lanean haima eguerdirako muntatzeko, eta herritar askok lagundu dutela azpimarratu du Aissak. Atzo ere izan zuten zereginik, gaur saharar gastronomiako gozoak saldu ahal izateko "jo eta ke" aritu baitziren atzo.
Urtero otsailean egiten dute jai solidarioa, otsailaren 27a baita Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuten eguna. Aurten, gainera, 50. urteurrena izango da.
(Argazkiak: Iñigo Gaiton, Joxemari Olasagasti eta Onintza Lete)