Urriaren 12an hasita, Orioko Herriko Plazan bost larunbatez aritu dira josi eta josi, ezerezetik haima saharar dotorea eraikitzeko. Orion bi emakume sahararrek bakarrik zekiten haima egiten, eta ondare hori ondorengoei helarazteko asmoarekin egin dute haima berria, auzolanean. Ostargi jostun elkarteak lagundu die horretan, eta bost saioren ondoren, seigarrenean, festa giroan zutitu zuten haima, azaroaren 16an. "Haima jaso genuen unea hunkigarria izan zen guretzat, eta sahararrak oso harro daude emaitzarekin", esan dute Ostargikoek.
Pasta orratzekin
Haimaren zati gehiena makinaz josi duten arren, parte bat eskuz egin behar izan dute: hiru oihal geruzak elkarri lotzea, hain zuzen. Kanpoko loneta berdea, erdiko oihal mehea eta haimaren barrualdea janzteko erabili duten oihal koloretsua eskuz josi dituzte, oihala lurrean zabaldu eta jostorratz handi eta lodiak erabilita. "Pasta orratzak erabili ditugu", zehaztu dute Ostargikoek. Halakoak erabiltzen omen ziren garai batean Euskal Herrian ere, artilezko koltxoiak josteko.
Ohiturak
Beren herrian, haima elkarrekin josten dute beti saharar emakumeek: auzokoek laguntzen dute, familiakoek, lagunek... Lamat Alik azaldu duenez, emakumeak haima bat josten ari direnean albotik gizonezkoak pasatzen baldin badira, ohitura dela "hariari tiratzea, haiek zerbait ekartzeko" emakumeei. "Janaria edo oparitxoren bat ekartzen digutenean, gure garrasia egiten dugu. Haima oso garrantzitsua da guretzat". Gizonezko sahararrek ez dute parte hartzen haima josteko prozesuan, baina bai hura altxatzeko unean, eta halaxe egin zuten Orion ere.
Makinaz, nola ba?
Haima josteko egunetan Herriko Plazara gerturatu diren herritarrek oihal zati handiak ikusi dituzte lurrean, baita josteko makinak ere mahaitxoen gainean. Oriotarrak eta sahararrak elkarrekin komunikatu nahian ere ikusi dituzte, baita eztabaidan ere. Haima eskuz ala makinaz josi, horrek eragin omen du prozesu osoko eztabaida handiena. "Haima egiten dakien emakumeak ez zuen sinesten haimaren oihala makinaz josi zitekeenik. Guk baietz esaten genion, eta hala egin dugu", kontatu dute Rosaura Bravo eta Marian Lazkano Ostargiko kideek. Eta gaineratu dute, barrezka, nola esan zieten asko balioko luketela sahararren kanpalekuetan, makinaz josten dakitelako.
Kanpalekuetako oihalak
Haimak hiru oihal geruza ditu: kanpokoa eta barrukoa, kanpalekuetatik ekarri dituzte; tartekoa, berriz, melfaz –beraiek erabiltzen dituzten jantziak– osatua da. Haimaren horma lodiagoa izan dadin eta hari babes gehiago emateko erabiltzen dute tarteko geruza hori, eta ohitura da erabilitako jantziak hor jartzea. Denborarekin, oihalak aldatuz joan dira. Lehengoak larruzkoak izaten ziren, ahuntz ilezkoak, eta lan gehiago eskatzen zuen horiek josteak.
Hondar faltan, sokak
Haima zutik mantentzeko, hondarra erabiltzen dute Saharan. Izan ere, haimari eusten dioten makilak edo zutoinak hondarretan lurperatzen dituzte eta lurrean soberan gelditzen diren oihal zatiei hondarra botatzen diete gainera. Orion, ordea, derrigorrezkoak izan zituzten bai sokak, bai eguzkitakoei jartzen zaizkien oinarriak. Era guztietako trikimailuak erabili behar izan zituzten dendari tinko eutsi ahal izateko.
Aterpea baino gehiago
Garrantzitsua da haima sahararrentzat, haien "lehenengo etxea" delako, Monine eta Fatima Aissa ama-alabek eta Lamat Alik azaldu dutenez. "Haima gure etxea da, eta sinbolikoki garrantzitsua da guretzat, garai batean sahararrak animaliekin batetik bestera ibiltzen zirelako, eta beraz, etxea edo haima beraiekin eramaten zutelako. Baditugu bestelako etxeak ere Saharan, baina ondoan beti izaten dugu haima bat. Gure ohituren eta kulturaren parte garrantzitsua da".
Auzolana
Haima altxatzeko momentua iritsi zenean, saharar eta euskal komunitateetako herritarrez bete zen plaza. Haimaren atearen gainaldean, auzolan horren testigantza josita utzi nahi izan dute: Saharako bandera eta ikurrina jarri dituzte, baita Orioko Udalaren eta Ostargiren ikurrak ere.
Lehena eta oraina
Orioko sahararrek bazuten lehen ere haima bat, eta kalera atera ohi zuten urtero, festa giroan. Haima berriarekin alderatuta, ordea, askoz ere txikiagoa zen –goiko irudian ikus daitezke biak–. Orain, Saharako herritarrak gogotsu daude, ospakizunak noiz iritsiko zain, haima berria berriz ere plazan jartzeko eta beren kultura oriotarrenekin partekatzeko. Haimak badu bere eguna ere: urriaren 12a, hain zuzen, egun horretantxe hasi baitziren Herriko Plazan denda berria eraikitzen. Horrez gain, Orion otsailean atera ohi dute haima kalera.
Gal ez dadin
Haima egiten ikastearekin batera, hura egiteko beharrezkoak diren datuak jasota utzi nahi izan ditu Ostargi elkarteak. Horretarako, jostun orok erabiltzen duen formatua aukeratu dute: patroia. "Guk patroiari, paperari, begiratzen diogu oihala mozten eta hori josten hasi aurretik. Hori da guretzat oinarria", azaldu du Bravok. Egin duten haimak 6x6 metroko sabaia dauka eta 6x4 metroko hormak. Sabaia hormekin josteko erabili dute makina. "Patroietako bat geuk gordeko dugu, eta bestea herrikide sahararrei emango diegu", azaldu du Lazkanok.
Argazkiak: Onintza Lete Arrieta, utzitakoak eta Julene Sorarrain.