1995ean sortua, neguko lana testatzeko

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 14a, 09:30

Oriaren XXVIII.Traineru Jaitsiera.

Bihar jokatuko den Oriaren Traineru Jaitsierak 30 urteko ibilbidea egin du, eta horren laburpena eta txapelketa sortu izanaren arrazoiak txosten batean bilduta ditu klubak, Joxemari Olasagasti arraunzale eta adituaren laguntzarekin eginda.

1995. urtetik, Orio Arraunketa Elkarteak urtero antolatu du Oriaren Traineru Jaitsiera. 30 urteko ibilbidea eginda, horren laburpena eta txapelketa sortu izanaren arrazoiak txosten batean bilduta ditu klubak Joxemari Olasagasti arraunzale eta adituaren laguntzarekin. Jakina da ekainetik irail bukaerara jokatzen direla ligak, txapelketak eta bandera garrantzitsuenak, baina traineruetan parte hartzen duten arraunlarien prestakuntza fisikoa eta teknikoa urte guztian zehar lantzen da gaur egun, eta "ikusirik atal horiei eskaintzen zaien denbora eta dedikazioa handituz joan dela, Orio Arraunketa Elkarteak berritasun bat ezarri zuen 1995ean, neguko estropada jaitsiera", azaldu dute txostenean. Oriaren Traineru Jaitsiera, alegia.

Oriotarren ideiari jarraipena eman diote Kantauriko hainbat klubek eta herrik, eta gaur egun denboraldiaurreko proba horiek urtarrilean, otsailean eta martxoan egiten dituzte. "1995etik, urtero eta etengabe, otsailean Orion biltzen dira inguruko traineru gehienak neguko test-entrenamendu serioa egin asmoz eta prestaketari jarraipena emanez, udako denboraldi gogorrera ondo iristeko". Euskal Herriko arraunlariez gain, Orion elkartzen dira Espainiako hainbat tokitakoak –kanariarrak, kantabriarrak, asturiarrak eta andaluziarrak, besteak beste–, baita galiziarrak eta kataluniarrak ere.

Azken horiei lotuta, 2009an, XV. edizioan, hain zuzen, berrikuntza bat txertatu zuen Orioko arraun klubak: Llagut Català eta Llaut Mediterraneo izeneko ontzien parte hartzea. "Katalanen eta mediterraneo aldeko elkarteen eskaerari erantzuna eman asmoz" gehitu zen aukera, baita "beste herrialdeetako tosta arraunketa ezagutzeko balio duelakoan" ere. 4.000 metroko ibilbidea prestatua dago haientzat, Saikolatik abiatuta.

2019an, Herbehereetatik

Arraun aditu oriotarrak nabarmendu du estropada honen helburua dela neguko prestaketak lantzen ari diren "arraunlari eta elkarte guztiek izatea aukera" beren garapena testatzeko. "Guztiek parte hartzea da azken helburua: denak onartzen ditugu, gizonezko zein emakumezkoak, elkarte federatuak, traineru mistoak... hasi jubeniletatik eta beteranoetara arte".

Parte hartze aniztasun horren harira, Olasagastik datu bitxi bat ere eman du: 2019an, Oriaren Traineru Jaitsierak 25 urte bete zituen urtean, "Europako nazio esanguratsu bateko" arraunlariek parte hartu zuten estropadan lehenengo aldiz: Herbeheretako gizon-emakume batzuek. "Hala, Oriaren Jaitsiera, Europako Nazioarteko Traineru Jaitsiera bihurtu zen urte hartan".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide