Aita Lertxundi fraide oriotarra santu izendatzeko bidea hasi dute

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2025ko ots. 5a, 08:00

Tangerreko (Maroko) artxidiozesiak hasi du beatifikazio eta kanonizazio kausa, han bizi zelako oriotarra eta han dagoelako hilobiratuta. Urteak iraungo ditu prozesuak. Iñaki Iturain herriko historian adituak azaldu dio Gukari nor izan zen Jose Frantzisko Lertxundi.

Aita Lertxundi izenez ezagutzen den Jose Frantzisko Lertxundi (Orio, 1836-Tanger, 1896) fraide oriotarra beatifikatzeko eta kanonizatzeko kausa edo prozesua abiatu du Tangerreko (Maroko) artxidiozesiak; hau da, Eliza katolikoak Aita Lertxundi santu izenda dezan eskatzeko bidea hasi du. Marokoko hiri horretan hil zen Lertxundi eta han dago hilobiratuta, eta horregatik dagokio hango elizari prozesua abiatzea. Beatifikatzeko eta Kanonizatzeko Kausaren lehen saioa urtarrilaren 19an egin zuten Tangerreko Ama Birjina Sortzez Garbiaren eta Espiritu Santuaren Katedralean. Ekitaldi publikoa izan zen, eta bertan parte hartu zuten Eliz Auzitegiko kideek, teologoek eta Beatifikazio eta Kanonizazio Kausarako Batzorde Historikoko kideek.

Artxidiozesi horretako prozesuak bizpahiru urte iraun ditzakeela kontatu dio Gukari Tangerreko artxidiozesiko komunikazio arduradunak, eta ondoren, Vatikanoan jarraituko duela kausak, erabaki bat hartu arte. Hurrengo pausoak zein diren ere azaldu du: "Orain Eliz Auzitegiak testigantza fasea hasiko du. Jakina, ez dira Aita Lertxundi bizirik ezagutu duten lekukotasunak, baina bai haren idazkiak ezagutzen dituzten pertsonenak, nahiz frantziskotarren ordena erlijioso beraren parte direnenak, edo hark arrastoa utzi zuen lekuetakoak direnenak». Horrez gain, «batzorde historikoak Aita Lertxundik edo hari buruz beste batzuek argitaratutako nahiz argitaratu gabeko testuak aztertu behar ditu, eta haien balorazioa egin". Azkenik, "teologoek ere beren iritzia emango dute idatzi horiei buruz".

Aita Lertxundiren omenezko plaka dago hura jaio zen etxearen kanpoaldeko horman, Donibane kalean. (Guka)

Arabiar dialektoen alde

Iñaki Iturain oriotarra aditua da Orioko historian, eta testu bat baino gehiago idatziak ditu Aita Lertxundiri buruz herriko aldizkarian. Gainera, 1996an Aita Lertxundiren heriotzaren mendeurrena oroitzeko hiru eguneko kongresua ospatu zen Tangerren, haren figura eta lana aztertzeko, eta bertan izan zen Iturain, Orioko Udaleko bi ordezkarirekin eta herriko apaizarekin batera.

Iturainek azaldu du Lertxundi 17 urterekin joan zela fraile Arantzazura, baina handik urte gutxira hegoalderako bidea hartu beharra izan zuela medikuaren gomendioz, asmatikoa zelako. Aurrena Chipionan (Espainia) egon zen, eta ondoren, urte gehienak Marokon egin zituen, Tetuanen eta, batez ere, Tangerren. "Harrigarria egiten zait Aita Lertxundik egindako guztia; bost bizitza behar direla ematen du", kontatu du. Lehenik, gizarte arloan egindako lanak aipatu ditu: "Sekulako lana egin zuen, eta hala aitortzen diote Maroko aldean. Batetik, neskentzako Marokoko lehenengo ikastetxea sortu zuen. Bestetik, hirira argindarra ekarri omen zuen", azaldu du Iturainek. "Batez ere, ordea, filologoa izan zen Aita Lertxundi, hizkuntzazalea". Eta hainbat xehetasun eman du horren inguruan: "Tokian tokiko hizkuntzaren aldeko jarrera bizia aldarrikatu eta gauzatu zuen, eta hori aitortzen dio, esate baterako, Joseba Sarrionandia idazleak Moroak gara behelaino artean? liburuan: hara iritsi, bertako hizkuntza ikasi, dialektoak ere ikasi, eta hango europar guztiak bultzatu zituen hango hizkuntza ikastera; horretarako gramatika eta hiztegia sortu zituen".

Aita Lertxundiren margolan bat. (Utzitakoa)

Interprete lanak ere egin zituen Hassan I.a sultanaren eta Aita Santuaren artean, "bien hizkuntzak primeran ezagutzen zituelako".

Aita Lertxundik badu kalea Orion, herriko kale luzeena, Donostiatik Zarautzera doan errepidea zeharkatzen duena, tartean zubia ere bai, eta Iturainentzat, "metaforikoki" ezin egokiagoa da, "Aita Lertxundi batez ere zubi gizona izan zelako: bi nazio, bi kultura, bi hizkuntza eta bi erlijioren artean zubia egin zuelako. Bake gizona izan zen, eta hori aitortzen zaio orain", iritzi dio.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide