Santa Ageda egunaren bezperan, bihar, otsailak 4, santa eskean aterako dira Aiako eta Orioko ikasleak, baita hainbat herritar ere, makilak eskuetan, koplak eta bertsoak elkarrekin kantatzeko.
Aian, esaterako, Lardizabal Herri Eskolak eta guraso elkarteak antolatuta, Haur Hezkuntzako ikasleak herrian zehar ibiliko dira kantari eta, Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, gurasoen laguntzaz, auzoz auzo eta baserriz baserri ibiliko dira.
Orioko Zaragueta Herri Eskolako kideak ere goiz partean ariko dira kopla kantari. 10:30ean jarri dute hitzordua, eskolan.
Azkenik, Orioko Herri Ikastolakoek 18:00etan jarri dute hitzordua. Ikastola aurreko plazoletan elkartu, eta kalez kale ibiliko dira kantuan, Errikotxia bertso eskolako kideekin batera. Herriko Plazan amaituko dute santa eskea.