Joxean Jaka: "Betidanik gustatu zait arte plastikoak eta sormena lantzea"

Julene Sorarrain - Urtzi Oteiza 2025ko urt. 16a, 09:00

Orioko Surf Taldeak amaiera polita eman zion urteari surf txapelketarekin, eta irabazleek Joxean Jakaren (Orio, 1975) eskulturak eraman zituzten etxera, garaikur moduan.

Duela pare bat aste jokatu zuten dagoeneko ohitura bilakatu den Orioko Surf Taldearen txapelketa, eta irabazleek Joxean Jaka eskulturgileak egindako garaikurrak eraman zituzten etxera. Hala eta guztiz ere, ez da txapelketa horretarako garaikurrak sortzen dituen lehen aldia.

Nolatan animatu zinen garaikurrak egitera?

Duela bost urte, pandemia garaian, beste hainbatek bezala, denbora libre asko nuen, eta zerbait berria egin nahi nuen. Nire lantokian burdinarekin egiten dugu lan batzuetan, eta xafla borobildu bat eskuan nuela, zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen. 12 urte nituenetik nago sormenaren munduan sartuta, eta altzairuzko xaflari begira nengoela, olatu bat irudikatu nuen. Lantokian gorde nuen, harekin zerbait egiteko asmotan. Hainbeste denbora ez galtzearren, etxeko egongela plastika gela bihurtu nuen. Horrela hasi nintzen eskulturak egiten.

Nolakoa da eskulturak sortzeko prozesua?

Lehenengo oinarri bat jarri behar duzu; egurrezko xafla bat, esaterako. Rotaflexaren laguntzarekin, forma borobila ematen diot, eta, ondoren, margotu egiten dut. Batzuetan hondarra ere erabiltzen dut oinarria apaintzeko. Nire azken lana egiterakoan, Orioko kai muturra irudikatzen saiatu naiz. Bestelako materialak ere erabiltzen ditut; loreontzi batetik hartutako harritxoak, esaterako. Eskura ditudan materialak erabiltzen ditut.

Surf txapelketarako egindako oroigarrietan olatuak, surflariak eta hondarra bezalako elementuak ikus daitezke. Zerk inspiratzen zaitu?

Surfak inspiratzen nauela esango nuke. Beste era bateko eskulturak ere egin ditzaket, baina txapelketa egunean, sari banaketa egiterakoan, bete egiten nau jendea nire lana jasotzen ikusteak. Jendeak nire lana eskertzen duenean, sariak egiteak bete baino gehiago egiten nau.

Hurrengo ediziorako garaikurretan pentsatzen ari naiz dagoeneko. Aurreko lanak ez errepikatzeko, Orioko hondartza beste ikuspuntu batetik irudikatzen saiatuko naiz. Getariako arratoiarekin maketa bat egitea ere pentsatu dut.

Lanbidez pintorea zara. Nondik datorkizu artea sortzeko grina?

Txikitatik datorkidan zerbait da. Eskola garaian, ez nintzen oso ona ikasketetan, baina plastikaren arloan, txapela kentzeko modukoa nintzen. Betidanik gustatu zait arte plastikoak eta sormena lantzea. Buztinarekin egin izan dut lan, baina orain altzairua ere erabiltzen dut. Gustuko dut material berriak probatzea.

Zure lanek ez dute garaikur tradizionalaren itxura. Nola jasotzen dute txapeldunek zure lana?

Nik uste dut poz bikoitzarekin jasotzen dutela garaikurra. Hasieran, sorpresa modura egin genuen antolatu zuten lehen txapelketarako, eta bat bakarrik sortu nuen, garailearentzat soilik. Hainbeste gustatu zenez, hurrengo urterako ere egitea pentsatu nuen. Bat egin beharrean, ordea, hiru maila nagusietarako –neskak, mutilak eta bodyboard– egitea pentsatu nuen. Baina, azkenean, longboardeko eta 18 urte azpiko mailetarako ere egin izan ditut. Ohitura bilakatu da. Parte hartzaileak txapelketa irabaztera doaz, baina irabazteaz gain, garaikur hau etxera eramateak ere poza ematen du. Ilusio ezberdinarekin lehiatzen dira.

Pentsatu al duzu bilduma bat kaleratzea?

Oraingoz eskulturak Orioko Surf Txapelketarako soilik egin ditut. Ez legoke gaizki, aurrera begira, lan berriak egitea. Ez dut oraindik nire lana sustatu, baina eskariak egitea ere eskertuko nuke, eta horrela, nire lana beste herrietara zabalduko nuke.

Udara begira, erakusketa bat jarri nahiko nuke areto batean. Orain arteko txapelketetan aurkeztu ditudan lanekin areto oso bat bete ahalko nuke. Polita izango litzateke.

Eskulturak egiteaz gain, Hereje Fighters reggae taldean ere abesten duzu noizbehinka. Nola ateratzen duzu denbora artea eta musika uztartzeko?

Talde horretan kolaborazioak egiten ditut. Niri gertatzen zaidana da atentzioa eman dezakedala. Hereje Fighters taldea nire betiko lagunek osatzen dute, eta nik abesti bat bakarrik abesten dut beraiekin, Paralisis Permanente taldearen Un día en Texas, hain zuzen. Abesti oso makarra da, eta kantu horrekin soilik, taldeko abeslaria itzalean geratzen da!

Kolaborazio bezala abesti hori kantatzen dut, eta merchandising postu txikia jartzen ere laguntzen diet kontzertuak ematen dituztenean. Duela urte batzuk izan genuen talde bat, Panoramix izenekoa. Taldeak martxan jarraitzen du, baina nik ez dut abesten dagoeneko. Hori bai, gustuko dut abestea. Mikrofono bat emanez gero, sekulako mitina emateko gai naiz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide