Zaharren Babeslekua Orioko jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak jakinarazi du aurten noiz ospatuko duen Jubilatuen eta Pentsiodunen Eguna: martxoaren 12an izango da, asteazkenarekin. Ohi bezala, aurrena meza izango da Bariko San Nikolas elizan, 12:00etan.
Ondoren, autobusez joango dira Aginagako Errasti sagardotegira. Lau autobus joango dira guztira. Aurreneko bi autobusak 13:00etan aterako dira, eta beste biak, 13:30ean. Goizeko kafetegiaren aurretik aterako dira autobus guztiak. Bazkaria, berriz, 14:00etan hasiko da. Bueltako autobusaren ordua ere zehaztu dute: 18:00etan abiatuko da.
Bazkarirako txartelak eta urteko kuota
Bazkarirako txartelak 25 euro balioko du, eta horiek otsailaren 24an eta 25ean erosi beharko dira, 16:30etik 18:30era, Zaharren Babeslekuan bertan.
Txartela erosi ahal izateko, beharrezkoa izango da bazkide txartela eguneratuta edukitzea, eta soilik aipatutako bi egunetan salduko dituzte txartelak. Behin erosita, ez da dirurik bueltatuko, eta bazkariaren unean jatetxeko arduradunei eman beharko zaie txartel hori.
Azkenik, elkarteak gogorarazi du urtarrilaren 27an, 28an, 30ean eta 31n kobratuko duela urteko kuota –10 euro–, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen 80 urte bete dituztenek ez dutela ordaindu beharko.