Zer helbururekin sortu zen Orioko Herritarren Foroa?
Maider Martiarena: 2012an Orioko Udalean Bizikidetzako Mahai Politikoa sortu zuten, eta aurrena bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko diagnostikoa egin genuen. Ondoren, 2015ean, udalaren ekimenez sortu zen Herritarren Foroa. Udalean ordezkatuta zeuden alderdi politiko guztiek baloratu zuten interesgarria zela herritarrei aukera hori eskaintzea. Hala, herritarren askotariko profilak hartuta, zerrenda luzea osatu zen, eta denei egin zitzaien gonbidapena. Talde bat sortu zen, eta harekin hasi ginen lanean. Kontuan hartu behar da ordurako ETA desagertua zela, beste indarkeria mota batzuk beste maila batean zeudela eta alderdi guztiak aurkez zitezkeela modu legalean hauteskundeetara. Egoera normalizatzen hasita zegoela esan daiteke, baina herritarrek ez zuten espazio lasai eta seguru bat indarkeria politikoaz hitz egiteko, ezta horrek beren bizitzetan izan zuen eraginaz solasteko ere.
Orion, gatazkari dagokionez, zer ezaugarri aurkitu zenituzten?
M.M.: Herri bakoitzak baditu bere berezitasunak, baina ez pentsa, toki guztietan antzekoa da egoera: Euskal Herriko herri guztietan daude indarkeriaren ondorioak; hildakoak herri ia gehienetan daude zoritxarrez, eta bestelako gertakizunak ere ia herri guztietan izan dira.
Erraztaileak zarete. Zer egin duzue, zehazki, herritarren foroaren bileretan?
M.M.: Gai zehatzak jartzen ditugu mahai gainean, hainbat dinamika erabilita, eta foroko kideek proposatutako gaien arabera ere diseinatzen ditugu saioak. Gure lana da, partekatzen duten espazio horretan, taldekideak gustura eta seguru sentitzen direla bermatzea. Normalean ez da gertatzen, baina norbaitek muga gainditzen badu, gauzak bere tokian jartzea ere bada gure zeregina, abiapuntua errespetua delako. Landuko diren gaien inguruko markoa ere guk jartzen dugu, legeak dioena azalduz, esaterako. Sortzen den eztabaida aberastea ere bada gure egitekoa, baliabideak jarrita. Bestalde, momentu jakin batean foroko pertsonetako bat hunkitu egiten bada, gure lana da hari laguntzea. Zubilanak ere egiten ditugu politikarien eta herritarren foroaren artean.
Miren Harizmendi: Taldea sortu berria denean, gure lana da, hainbat ariketaren bidez, taldea ezagutzea. Talde kohesioa sustatzen laguntzen dugu, beti elkarrizketa oinarri hartuta. Herritarren foroak ez dira iritzi taldeak; iritzia ematen den arren, helburua ez da izaten eztabaida sortzea edo bestea konbentzitzea, elkar ezagutzea eta elkarri entzutea baizik. Taldekide guztiak ahalegindu dira bestearen tokian jartzen, gauza batzuk entzuteko errazak ez direla jakinda. Prozesuak jendea mugitu egiten du, eta hori zaintzen ere aritzen gara, jendeari beharra duenean lagundu ahal izateko.
Zubilana aipatu duzue. Nolakoa izan da Orion foroaren eta mahaiaren arteko harremana?
M.H.: Nahiko mamitsua izan da, mahai politikoak eta herritarren foroak hainbat ekintza elkarrekin antolatu dituztelako; memoriari buruzko ikerketa, esaterako, elkarrekin bultzatu zuten. Aranzadik egin zuen ikerketa, eta asko eskertu eta goraipatu zuen erakunde horrek Orioko herritarren foroa, Orioko sufrimenduaren mapa ahalik eta anitzena izan zedin zugarrizko lana egin zuelako, hala nola ikerketarako herritarrek aurkitzen, horiekin hitzorduak lotzen eta horiei elkarrizketetara laguntzen. Ezohikoa da inplikazio maila hori edukitzea.
Gustura al zaudete Orioko herritarren foroarekin?
M.M.: Bai, zalantzarik gabe. Lehen esandakoez gain, kideek beti agertu dute herritik kanpo antolatutako jardueretan parte hartzeko prestutasuna, baita beren lekukotzak emateko ere. Eskuzabalak izan dira.
M.H.: Karkara aldizkarian ere argitaratu izan dituzte beraiek sortutako eta herriari zuzendutako hainbat idazki, eta ez dira axaleko gauzak izan; zentzu batekin idatzi dituzte horiek, aurrez barne mailan lanketa eginda.
M.M.: Momentu batean, taldeak erabaki zuen metodologia bera aplikatuta beraien artean, barne mailan, herriko beste gatazka bat lantzea: ikastetxeen arteko gatazka. Oso interesgarria izan zen prozesu hura beraientzat, momentu jakin batzuetan beraiek ere pertsonalki inplikatuta egon zirelako. Guretzat ere ariketa oso interesgarria izan zen.
M.H.: Esango nuke hori taldeak berak egindako prozesuaren ondorio natural bat izan zela. Hori oso garrantzitsua da guretzat, taldean sendotasuna lortu dela adierazten duelako.
Ia hamar urteko bidea eginda desegin dute taldea. Egindakoaz zer balorazio egiten duzue?
M.M.: Uste dut edozein espazio demokratikorentzat ikasketa oso interesgarria dela halako herri txiki batean –gatazka zuzenean bizi izan duen herria da Orio eta inplikatutako jendea bizi zena– elkarrizketarako espazio bat ahalbidetzea. Ia hamar urtez sei-zortzi lagun aritu dira hilean behin elkartzen, beraien barruak partekatzen eta husten eta elkarrekin zerbait egin nahian. Gatazkak sortzen direnean ezin da beste aldera begiratu; eseri egin behar da, hitz egin, emozioak aztertu... Ezinbesteko ariketa da hori. Etorkizunera begira, indarkeria politikoak izandako ondorioak ez ditugu konponduko, eta Orion ere izango du oraindik eragina, izango da zer landu, baina herritarren foroak ia hamar urte igaro ditu lanean, eta eskertzekoa da kideek egin duten esfortzua. Herriarentzat ikasketa izan da; izan ere, ikusi da gatazka baten aurrean erabiltzeko metodologia aberasgarria dela foroan erabili dena, ikusi da eraldaketa sortzen duela. Taldeko kideek ere onartu dute inor ez dagoela hasieran zegoen toki berean.
M.H.: Nik azpimarratuko nuke taldeari eta herriari egin dioten ekarpena oso handia izan dela, Maiderrek esandako gauza beragatik: hamar urte hauetan egindako lanari esker, ondare bat gelditu da talde horretan, eta saiatu gara ondare hori herriarekin partekatzen eta herrira bideratzen. Niri bakegintzarako itxaropenari eusten lagundu dit taldeak. Hala esan nien beraiei ere.