Edozein motatako gatazkek ertzetan lerratzera eraman ohi dituzte pertsonak eta norbere egian herstera. Horixe izan zen euskal gatazkaren ondorioetako bat ere, eta horregatik, ETA erakunde armatuak bere jarduna eten zuenean, bizikidetza lantzen hasteko saiakeran hasi ziren han-hemenka, bai alderdi politikoen aldetik, bai gizarte zibilaren aldetik. Berradiskidetze horretan laguntzeko Bakeola bezalako bitartekariak ere baziren, gainera.
Orion, 2012. urtean eman zuten pausoa, orduan Orioko Udala osatzen zuten alderdi guztiek aho batez hala erabakita. Hiru urte geroago, 2015ean, Bizikidetzaren Mahai Politikoak Herritarren Foroa sortu zuen, herritar batzuei foro horretan parte hartzeko gonbidapen zuzena eginez eta foro horren ateak herritar guztiei zabalduz. Ia hamarkada bat igaro da ordutik; talde hori hilero-hilero elkartu da albokoari entzuteko eta bakoitzaren egiaren zatitxo bat besteari emateko. Gaur egun, sei herritarrek osatzen dute foroa: Jokin Urangak, Koro Sarasolak, Iñaki Iturainek, Nieves Arrutik, Javier Gaitonek eta Eneko Dorronsorok. Horiek erabaki dute egin beharreko bidea egin dutela eta taldea desegiteko unea iritsi dela. Urriko udalbatzarra aprobetxatu zuen taldeak erabakia oriotarrei jakinarazteko, baita udalari eskerrak emateko ere.
Etxeko lanak udalarentzat
Herritarren Foroko kideak apal agertu dira urteotako beren jarduna baloratzerakoan, baina egin dituzte herrira begirako jarduerak ere, eta parte aktibo izan ziren, adibidez, Aranzadik biktimei buruz gauzatu zuen ikerketan. Erakunde horrek, hain zuzen, 1936tik gaurdaino herrian izan diren biktima guztiak aintzat hartzeko lana egin, Herriko sufrimenduaren mapa izeneko dokumantua osatu eta hura herritar guztien eskura jarri zuen oriooroimenean.eus webgunean. Espainiako Gobernuak, ordea, "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" webgunetik kentzeko eskatu zuen handik hilabete batzuetara, hala egin ezean Estatuaren Abokatutzak neurriak hartuko zituela ohartarazita. Horren aurrean, Aranzadik hala eskatuta, Orioko Udalak webgune hura ixtea erabaki zuen.
Urtebetetik gora pasatu da ordutik, eta Anuska Esnal alkateak uste du udalak gai horri heldu egin behar diola datorren urtean, baita Herritarren Foroak urriko udalbatzarrean egindako eskaerari ere: izan ere, foroak eskatu zuen herrian gatazkaren biktima guztiak gogoan izango dituen toki bat edo plaka bat jartzeko. Bizikidetza foroak talde gisa bidea bukatutzat eman badu ere, Mahai Politikoak martxan jarraitzen du, eta akuilu lanean aritzen dira oraindik ere foroko norbanakoak.
Honako erreportaje honetan Herritarren Foroa osatu duten sei herritar horien iritziak bildu ditu Aia-Orio Gukak, baita urte hauetan guztietan taldearen bitartekari lanetan aritu diren Bakeolako kideen iritzia ere.
Jokin Uranga
"Gogoan dut udalak pertsona jakin batzuei deitu ziela Herritarren Foroan parte hartzeko. Martxan hasi ziren, eta denbora batera, uste dut Karkaran irakurri nuela bizikidetzari buruzko taldea bazela eta herritarrei zabalik zegoela. Zalantza izpirik gabe eman nuen izena, gogo handiarekin. Gaiarekiko interes handia nuen eta daukat. Kezka handi bat da niretzat bizikidetzarena, oso gai garrantzitsua delako. Lehendik ere, gai beraren bueltan beste talde bat sortu genuen herrian, eta lan batzuk egin genituen. Lizarra-Garaziko garaietan izan zen [1998an sinatu zuten itun politikoa hainbat alderdik, eta egun gutxira, su-eten mugagabea iragarri zuen ETAk]. Gatazkari irtenbide baketsua emateko herri guztietan sortu ziren halakoak. Gero Priederena gertatu zen [ETAk tiroz hil zuen Juan Priede Orioko PSE-EEko zinegotzia 2002an], eta erabaki genuen bertan behera uztea taldea. Horregatik, bizikidetza foroa martxan jarri zenean, buru-belarri sartu nintzen taldean. Eta oraindik jarraituko nukeen aurrera, baina tira...
Aurreneko bilera ez zen erraza izan: denok ezagutzen dugu elkar herrian, gaia zaila da eta urduri nengoen. Baina Bakeolako kideek bakoitzaren lana erraztea lortu zuten. Kontuan izan behar da barrua ukitzen digun gaia dela. Bakoitzak zuen guztia jarri behar zuen mahaiaren gainean, tripak atera behar zituen, eta hori egitea ez da erraza nire ustez.
Taldea sortu zenean, pil-pilean zegoen bizikidetzaren gaia, eta taldean ikusi duguna da ez dugula lortu beste ideologia batzuetako jendea erakartzen gurera. Saiatu ginen horretan, baina ez da posible izan. Gure lanak erantzun handirik ez zeukala ikusten genuen; iruditzen zait jendeak gai hau baztertu egin duela, alde batera utzi duela, ahaztu egin nahi izan duela lasai bizi nahi duelako. Eta, hein batean, ulertzen ditut, herri bezala nahikoa pasatu genuelako.
Uste dut denbora tarte honetan taldeak lan ederra egin duela, eta erreleborik ez zegoela ikusita, taldea desegitea erabaki dugu. Hori bai, ziur nago bakoitzak bere gisara jarraituko duela bizikidetzaren alde egiten; hori ez da alde batera uzten.
Jaso dudan irakaspen garrantzitsuena da denok daukagula egiaren puska bat. Besteari entzutea ere inportantea izan da. Gainera, siglarik gabeko elkarrizketa izan da, norbanakoena. Agian, faltan sumatu dugu taldekideon artean ideologikoki desberdin pentsatzen zuen lagunik ez egotea. Izan ere, denok abertzaletzat jo dugu geure burua, eta desberdin pentsatzen duen pertsona bat, desberdin sufritu duen pertsona bat gustura hartuko nukeen foroan, esperientzia gehiago aberaste aldera.
Egiten dudan hausnarketa, neuri buruz eta euskaldun bezala, honako hau da: pasatu den guztiarekin, non egon garen; nola iritsi garen honetara. Horrek hunkitzen nau gehien, atzera begiratuta. Ez dut ulertzen nola iritsi garen honaino. Horrekin geldituko nintzateke. Oriotarrei esango nieke ez ahazteko gure historia; izan ere, ahazten badugu, akabo. Eta gazteei ere oinordetzan hau guztia helaraztea dagokigu. Horrekin lotuta, udalari eskatu genion herrian biolentzia mota guztiak jasoko dituen gune bat edo txoko bat atontzeko, gure historiaren zati hori azaltzeko eta memoria ez galtzeko".
Koro Sarasola
"Orioko Udalak gutuna bidali zidan Herritarren Foroan parte hartzera gonbidatzeko, eta aukera aprobetxatu egin behar nuela pentsatu nuen. Garai hartan, komunikabideetan agertzen zen nola hainbat herritan biktimak eta biktimarioak elkartzen hasiak ziren, eta nik ere halako zerbait behar nuela pentsatu nuen. Izan ere, gatazka tarteko gaizki pasatutakoak ginen, bereziki nire senarraren aita. Pentsatu nuen, akaso, bilera horietara agertuko zirela guri kaltea eragin ziguten edo horrekin zerikusia izan zuten pertsonak eta gauzak argitu ahal izango nituela edo onartuko zutela gaizki jokatu zutela. Haietako inor agertu ez zen arren, aukera izan dut taldean nire bertsioa kontatzeko.
Herritarren Foroko lehen bilerara jakinminez joan nintzen. Zortzi-bederatzi lagun izan ginen han, eta erraza egin zitzaidan bilkura hura; oroitzapen hori dut, behintzat. Ia hamar urte pasatu dira ordutik, eta hasierako talde hartatik partaideak aldatu badira ere, partekatu ditugu nork bere bizipenak. Bilerak ondo etorri zaizkigu guri, baina ez dut uste horiek herrian eragin handirik izan dutenik eta herrira begira aurrerapen handirik egin dugunik. Hori bai, giza eskubideen urraketak jasandako herritarren inguruko lanketa egin dugu Aranzadirekin. Jende askorekin jarri ginen harremanetan horretarako, eta Aranzadiko kideak ere harrituta agertu ziren gure bitartez bizipenak kontatzera haiengana gerturatu zen herritarren kopuruarekin.
Pertsonalki, gogoan dut behin torturak jasandako herritar bat etorri zela gure bilera batera. Oso gogorra izan zen hari entzutea. Herritik kanpo, ETAk hildako pertsona baten alabaren testigantza entzuteko aukera ere izan genuen, eta aberasgarria egin zitzaidan. Uste dut herritarrek bizikidetza lantzeko prest egon behar luketela eta hori enpatia lantzetik hasten dela. Besteen tokian jartzen ikasi behar da, bai gai honetan, bai beste edozeinetan".
Iñaki Iturain
"Udalak gutuna bidali zidan, bide horretan abiatzera gonbidatuz. Pentsatu nuen pare bat bilera egiteko kontua izango zela. Lehen ere ohituta nago, bata dela edo bestea dela, bilerak egitera, eta baietz erantzun nuen. Oraindik ez dut ikasi ezetz esaten, horretarako arrazoi garbi bat ez baldin badaukat. Kasu honetan, ez neukan horrelakorik.
Lehenengo bilerara berandu iritsi nintzen. Erabat ahaztuta neukan bilera, eta telefonoz deitu zidaten. Eskerrak aldi hartan mobila piztuta neukan eta aldean neraman. Bilera atsegina izan zen aurreneko hura. Oker ez banago, herriko minaren mapa osatzen hasita zeuden iritsi nintzenerako, historiaren marran bortizkeria politikoaren eraginez hildako herritarren izenak jartzen ari ziren, heriotzaren urtearekin batera. Gogoan dut ni iritsi nintzenean, artean izen batzuk jarri gabe zeudela marra hartan. Denon artean osatzen aritu ginen hildakoen nolabaiteko zerrenda hura. Gure memoria pertsonala oso ahula da, batzuena gordetzen dugu, baina beste batzuena ahanzturaren zakuan erortzen da eta ahaztuta geratzen zaigu; baina denon artean memoria historikoa osatzen hasteko ariketa zintzoa egin genuen, balekoa. Gainera, taldearen osaerak oso inpresio ona egin zidan, herriko politika-giroan denboran zehar oso kokapen ideologiko desberdina erakutsitako jendeak osatu genuen lehen talde hura, eta oso jarrera egokia antzeman nion taldeari.
Taldeak gorabeherak izan ditu bere osaeran, batzuek utzi, beste batzuk hasi. Bakeola elkarteko bi kide aritu dira hasieratik gurekin batera, Maider eta Miren, oso jende jatorra. Haiek bideratu dute taldearen dinamika, egin ditugun ariketak eta eman ditugun aurrera urratsak.
Irakaspen garrantzitsuena izan da giza bizia ideologien gainetik dagoela, ezin diogula inori bizia kendu gure ideiengatik. Hori zilegiztatu dezakeen motibo bakarra autodefentsa da, nork bere burua defenditzea. Uste dut taldekide guztiok barneratu dugula hori.
Oso modu bortitzean torturatua izan zen pertsona batek egin zigun zuzeneko testigantzak hunkitu ninduen, egin zigun azalpen zirraragarriak. Oso aberatsa izan da, baita ere, taldea indartzeko batzuek egin duten ahalegin zintzoa: bileretatik kanpo afariak antolatzen, gitarraren laguntzaz kantu saio ederrak prestatzen, irribarrea eta hitz adeitsuak eskainiz, giro jatorra eta alaia jartzen.
Herritar batzuei zerbait esatekotan, hauxe: futbolaz eta arraunaz gain badirela bestelako gai interesgarriak herriaren martxan. Eta bestetik, politika herria antolatzeko modua dela, eta hori zenbat eta jende gehiagok egin, jarduerak ondo antolatuta eta bideratuta, emaitza ere hobea izan ohi dela. Demokrazia horixe da, guztion gobernua. Gai hau inportantea da, eta gaur egun udalak ondo bideratuta dauka, parte hartzeko bide asko ari da zabaltzen".
Nieves Arruti
"Lagun batek esan zidan Salatxon bizikidetzari buruzko bilera irekia zegoela, eta biok joan ginen. Ordurako martxan zegoen Mahai Politikoa, baita Herritarren Foroa ere. Gaia gustatu egin zitzaidan; beti izan da nire helburua Euskal Herri honetan denon artean bakea izatea. Denen sufrimendua ulertzea eta ulertaraztea ez da erraza, baina nire jokaera hortik joan da beti.
Orion denok gaude etiketatuta, denok markatuta gaude, eta heriotzak izan direnean gerra ikaragarria egon da, herri mailan asko ordaintzen da; herri txikiak txarra hori dauka. Atentatu bat egon izan zenetan, jendeak ez zigun begiratu ere egiten; ematen zuen geuk egin genuela. Ni ez nago ez atentatuen ez heriotzen alde, baina atentatuak ere alde guztietakoak izan dira.
Taldean, ordea, oso ondo ibili gara; neuk sei-zazpi urte egin ditut. Elkar ezagutu dugu, eta elkar maite dugu; taldea lagunmina dut. Erraz hitz egin dugu ondo eta gaizki iruditzen zitzaigunaz, eta entzun ere bai; lan ederra izan da. Denok ulertzen dugu besteen mina eta egoera, eta hizketaldi oso onak eduki izan ditugu Maider eta Miren Bakeolako kideei esker.
Momentu hunkigarriak ere izan dira. Beti eduki dut bestaldekoen bertsioa entzuteko gogoa, eta lagun baten bitartez lortu nuen aita hil zioten alaba baten bertsioa, eta oso gogorra egin zitzaidan. Hotzikara etortzen zait, denok gauza berak sentitzen ditugulako. Taldera Rosa Jimeno oriotarra ere ekarri genuen; torturatu egin zuten, eta izugarria izan zen bere ahotik entzutea gertatu zitzaiona.
Bestalde, konturatu naiz Euskal Herrian ez goazela aurrera, egoera ez dela konpondu. Gregorio laguna preso dago, zigorra beteta duen arren. Politikariak ere geldirik ikusten ditut; lehen zerbaitetan ari zirela ikusten nuen, baina orain ez, eta horrek dezepzionatu egin nau. Amorrazioa ere ematen dit politikariak egoera konpontzeko gai ez izateak. Herritarrak ere aspertuta ikusten ditut gai honekin, ez dute ezer jakin nahi, eta pena da, denok herri bat garelako. Talde ederra izan gara, saiatu gara lan ona egiten, eta horrekin gelditzen naiz ni".
Javier Gaiton
"Ez nintzen Herritarren Fororako gonbidatua izan hasiera batean; gerora egin nuen bat taldearekin. Nik esango nuke ekimenaren bigarren edo hirugarren urtean batu nintzela. Taldearen existentziaz enteratu nintzenean proba egiteak merezi zuela pentsatu nuen. Partaide gisa aritzea erabaki nuen nire kezkak, bizipenak, ikuspuntuak, gogoetak, frustrazioak eta galderak beste herritarrekin konpartitzeko eta kontrastatzeko beharra sentitzen nuelako.
Nik, pertsonalki, ez nuen inoiz pairatu giza eskubideen urraketa gogorrik, baina pasatutako hamarkadetan bizi izandako giro gatazkatsuak denongan izan zuen eragina, inkomunikazioa izanik, nire ustez, gure gizartean jasan genuen arazorik gogorrenetakoa, horrek ekarri zizkigun ondorio guztiekin. Beraz, asmo eta helburu horrek bultzatuta sartu nintzen taldean.
Hasiera batean, neure burua kokatu nahi nuen taldearen barruan. Beraz, hitz egitea baino entzutea erabaki nuen. Nire eragozpenak banituen, ez nekien-eta zenbateraino izango nintzen gai nire iritziak eta ikuspuntuak modu irekian besteei patxadaz azaltzeko. Badakizu, askotan hitzek mindu egiten gaituzte... Baina berehala konturatu nintzen taldean zegoen giro onaz eta lan dinamika egokiaz. Gogoratzen naiz lehen bilera hartan asko-asko gustatu zitzaidala dinamizatzaileen papera, nola bideratu zuten gure arteko jarduna, nola ekartzen zituzten saioak prestatuta, nola jasotzen zuten bilera bakoitzean esandakoa, eta, batez ere, zer lan-giro egokia sortzen zuten: gertukoa, jatorra, konfiantzazkoa. Horrek ere asko animatu ninduen.
Horrez gain, azkar hasi nintzen sumatzen bileretara joateak eragiten zidan onura. Konfiantza hartzen nindoan heinean, errazago egiten zitzaidan barruan neukana adieraztera ausartzea. Elkarrenganako errespetuzko giroak ere erabat laguntzen zuen horretan.
Nire aburuz, euskal gizartea hobera aldatu da elkarbizitzaren gaiari dagokionez, mugitu egin da: sentiberagoa eta toleranteagoa da pentsaera politikoaren aniztasunaren aurrean. Alderdi politikoak ere mugitu egin dira, ñabardura batzuk gorabehera, lurzoru etiko komun bat partekatzen dute. Inoiz ez bezala baloratzen dute gaur egun akordioetara iristeko filosofia eta praktika.
Herritarren Foroan aritzearen esperientziak denoi utzi digu arrastoa, eta gaur egun ez gaude duela hamarkada bat geunden egoera pertsonalean, ezta talde moduan ere. Denok ikasi dugu elkarrengandik eta aberastu gara pertsona bezala. Urte hauetan sufrimenduak eta pozak konpartitu ditugu, penak eta itxaropenak, frustrazioak eta lorpenak. Izan ere, besteen errealitateak ezagutzea bide ezin hobea zurea osatzeko, eta, ondorioz, gure gizartea hobeto ulertzeko; nik behintzat hala sentitzen dut. Eta, konturatzeko, ibilbide interesgarri bat egin dugu.
Urteotako lanketan irakaspen asko jaso ditut, baina, laburtze aldera, bi nabarmenduko nituzke: batetik, edozein giza gatazkaren ebazpenean hitzak eta elkarrenganako errespetuak izan behar dutela tresna nagusiak; eta, bestetik, inork ez daukala egiaren jabetza osoa, eta, ondorioz, merezi duela gogotik ahalegintzea euskal gatazkaren kontaketak edo errelatoak gure gizartean izandako minak eta eskubide urraketa guzti-guztiak jaso ditzan.
Egon dira asko hunkitu nauten momentuak, baina hiru azpimarratuko nituzke: Juan Priederi udaletxeko udalbatzar aretoan egin zitzaion omenaldi xumea; Orioko euskal preso ohi baten zuzeneko testigantza gogorra bezain adierazgarria; eta azkenik, herriko bi ikastetxeen arteko gatazkaz egin genuen azken lan saio gogoangarria, eta, pertsonalki, asko eskertu nuena.
Orioko Udalari eskertu nahi nioke herritarrei aukera hau zabaldu izana. Foroko kideok oso gertu sentitu dugu urte hauetan udala, gure jarduerei adi eta gure proposamenak entzuteko prestu. Oriotarrei esango nieke balioa eman beharra dagoela Orioko Udalak horrelako egitasmoa abiatzeko eta sustatzeko azkenengo hiru agintaldietan erakutsi duen jarrerari eta borondateari. Guk dakigula, Euskal Herriko oso herri gutxitan sortu dira bizikidetza lantzeko horrelako talde dinamikak. Beraz, hona hemen beste arrazoi bat gure herriaz, harrokeriarik gabe, harro sentitzeko".
Eneko Dorronsoro
"Udalaren gutuna jaso nuen, eta bilerara agertu egin nintzen. Herritarren Foroa sortzea erabaki zen bilera hartan. Ni entzutera joan nintzen hasiera batean, ez delako erraza gai hauetaz hitz egitea denen aurrean, are gehiago kontuan hartuta nondik gatozen eta herri honek pairatu dituen indarkeria mota desberdinak ikusita. Baina parte hartzea pentsatu nuen, agian ekarpena egin nezakeelako nik izandako bizipenekin eta bileretan norbanako gisa parte hartuz, ez inor ordezkatuz [zinegotzia izan zen 1995etik 2003ra].
Konturatzerako, hamar urte pasatu dira. Hala ere, ez zait erraza egin gai askoren bueltan hitz egitea, neu ere itxia naizelako eta ez naizelako nire sentimenduak partekatzekoa. Nork bere motxila dugu, nork bere sentimenduak, eta aurrez ezagutzen ez dituzun pertsonen aurrean horiek azaltzea ez da erraza. Denborarekin, sortu da konfiantza gure artean, eta enpatizatu egin dugu. Elkar errespetatuz entzun ditugu besteen iritziak. Nik, berriz, kontraesan pila bat ditut, baina balio izan dit min desberdinak egon direla ikusteko; besteen min horiek entzuteak asko balio izan dit.
Gizartea ikaragarri aldatu da azken hamarkadan, zer esanik ez politikoki. Lehen, bere gordintasunean agertzen zen, onerako edo txarrerako, eta egoera guztiek bere izena zuten. Gaur egun, baina, egoera politikoa difuminatu egin dela iruditzen zait, eta herri bezala, hoztu egin garela. Arriskua ikusten dut gure herriaren historiaren transmisioa behar bezala ez egiteko. Niretzat bi estatuk menderatuta gauzkate, eta ez dakit gaurko gazteek hori barneratuta al duten. Askok beren hausnarketa egingo dute, baina beste askok ez; geroz eta gutxiagok galdetuko diete beren buruei zein den gure herria eta zer gertatu den bertan. Uste dut hori izan dela estatuak erabili duen estrategia, eta bere helburua lortzen ari dela. Behin eta berriz aipatzen da elkarbizitza hitza, eta ados nago, ni prest nago elkarrekin bizitzeko, baina nire herrian, ez Espainian".