Orioko Udalak plantillako 43 lanpostu egonkortu ditu

Julene Sorarrain 2025ko urt. 9a, 10:30

Orioko udaletxea.

Orioko Udalak udal plantillako 47 lanposturen deialdiak kaleratu zituen 2023ko apirilean, eta prozesuak bukatutzat eman ditu urte berriarekin batera. Guztira, 43 langile egonkortu dituzte, horietatik %88 udaleko langileak ziren aurretik, eta %55 oriotarrak dira. 

Orioko Udalak jakinarazi du plantillako 47 lanpostu egonkortzeko prozesua amaitu berri dutela. "2021eko abenduaren 28an, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko 20/2021 Legea sartu zen indarrean, eta udalak prozesua bizkortu zuen, legeak ezarritako epeak eta tasak betetzeko", azaldu du.

Prozesuari dagokionez, behin-behineko langileek bete izan dituzten lanpostuen artean "estrukturalak" zein ziren zehaztu zuen udalak. Jarraian, lanpostu bakoitzean zein langile, zenbat denboraz eta zein egoeratan egon zen aztertu zuen, legeak ezarritako baldintzak betetzen zituzten ala ez argitzeko. Eta, horren arabera, lanpostua egonkortzeko lan eskaintza publikoan sartu behar zen ala ez erabaki zuen.

Lanketaren ostean, udalak 47 lanposturen deialdia egin zuen 2023ko apirilean. Deialdi bakoitzaren oinarrietan jasotako merezimenduak egiaztatu eta baloratu ondoren, eta epaimahaiak osatutako zerrenden hurrenkerari jarraituz, karrerako funtzionario edo langile finko izendatu dira hautagaiak. "20/2021 Legeak xedatzen duenez, lege horretatik eratorritako egonkortze prozesuek amaituta egon behar zuten 2024ko abenduaren 31rako, eta udalak lortu du prozesu guztietan epe hori betetzea", eman du aditzera. 

47 deialdi horien artean, lau hutsik geratu direla ere jakinarazi du, gitarra elektrikoaren eta osagarrien irakasle plaza eta hiru udal-garbitzaileren plazak, hain zuzen. "Gitarra elektrikoaren kasuan, ez da hautagairik aurkeztu. Garbitzaileei dagokienez, 11 plazetatik zortzi bete dira, baina hiru hutsik geratu dira hautagaiek ez zituztelako baldintza guztiak betetzen", gehitu du.

"20/2021 Legeak, gainera, jasotzen du administrazio publikoko langileen artean estrukturalak diren lanpostuak behin-behinean betetzen dituztenak %8tik beherakoak izan beharko dutela". Orioren kasuan, behin-behinekotasun tasa %76.5etik %24.6ra jaistea lortu du udalak, baina ez da %8tik beherakoa izatera iritsi.

Gainera, udalak 2024an bost lan eskaintza kaleratuko ditu, hala nola, obra eta zerbitzuetako brigadako arduradunaren plaza eta lau administrari plaza. Horrez gain, aurrera begira, langileek behin-behinean betetzen dituzten eta egiturazkoak diren lanpostuak betetzeko deialdiak egiten jarraituko du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide