Itsasoko erromesak dokumentala estreinatu zuten atzo arratsaldean herritarren aurrean. 2007an Donejakue bidea arraunean egin zuten 27 lagunek, gehienak oriotarrak, eta balentria hartako irudiekin osatu zuen lana Urtzi Garmendia oriotarrak urte hartan bertan. Orain arte, ordea, erromesaldian parte hartu zutenek bakarrik zeukaten ikusita ikus-entzunezkoa. Atzo, Kultur Etxean eman zuten, eta herritar asko gerturatu zen lana ikustera.
Ikus-entzunezkoa eman aurretik, ordea, bidaia hartan parte hartu zuten taldeko bi kide omendu nahi izan zituzten, jada zenduta daudenak hain justu: Eugenio Cotado eta Jose Antonio Salsamendi. "Haien lanik gabe ezin izango zen ontzirik atera bidaia hura egiteko, bultzatzaileak eta motoreak izan baitziren", esan zuen Anuska Esnal alkateak. Haien familiei lore sorta eman zieten Juan Angel Garmendia Xarpas-ek, Esnalek eta Noemi Ostolaza zinegotziak, eta bat baino gehiago hunkitu zen.
Alkateak eta Garmendiak hitz batzuk ere egin zituzten jendaurrean. Aurrenekoak esan zuen duela hamazazpi urte "hainbat herritarrek historia markatu" zutela bidaia hura itsasoz eginda "Juan Angelen [Garmendia] eskutik", eta Orion errioarekin lotutako ondarea berreskuratzen ari den honetan, udalak pentsatu duela "une aproposa" izan zitekeela hau 2007ko balentria hura gogora ekartzeko. Gainera, Esnalek eskerrak eman nahi izan zizkion Garmendiari, eta hark egindako lan guztia aitortu: "Udalak Juan Angeli aitortu nahi dio herri honetan urteetan egin duen lan guztia, eta emanaldi hau aprobetxatu nahi dugu aitortza egiteko eta gure esker ona emateko".
Garmendiak, berriz, azaldu zuen bidaia egin zutenean ez zutela ikusi beharrezkoa ikus-entzunezkoa zabaltzea, beren "abentura, kapritxoa" izan zela pentsatu zutelako, baina esan zuen orain konturatu direla zabaltzeko modukoa dela, "behin bakarrik egin delako bide hori arraunean, eta kostako delako berriro egitea".