Leandro Azkue: "Desadostasunak bideratzea da Portuetako Udal Kontseiluen xede nagusia"

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2024ko abe. 20a, 08:30

Berrikuntza askoko urte amaiera izaten ari da hau Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari oriotarrarentzat: itsasertzeko kudeaketaren eskumena lortu berri dute, eta Portuetako Udal Kontseiluak eratzen ari dira. Sail barruan ere bada nobedaderik.

Arrantzale familia bateko kidea da Leandro Azkue (Orio, 1968) eta arrantzari lotutako kudeaketa lanetan aritu da azken hamarkadetan, Orioko Kofradian aurrena, kofradien elkartean gero, eta Eusko Jaurlaritzaren Arrantza zuzendari, azken dozena urte baino gehiagoan. Atzoko albistea da Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailak bi sailburuordetza izango dituela: horietako bat Arrantza, Portuak eta Itsasertzaren Garapena izango da, eta horren barruan bi zuzendaritza egongo dira, bat Arrantza eta Akuikultura, eta bestea Itsasertzaren garapena eta Portuak. Azkuek GUKAri aurreratu dio hurrengo egunetan jakingo dela nortzuk izango diren sailburuorde berriak. Atzo Orioko Kirol Portuko bulegoetan eskainitako elkarrizketan, bere saileko egitasmoez, eskuratutako konpententziez eta hurrengo urteko arrantza kuotez aritu zen.

Aste honen hasieran Eusko Jaurlaritzaren esku utzi du Espainiako Gobernuak itsasertzaren kudeaketaren eskumena. Zertan eragingo die horrek eskualdeko kostaldeko herriei, hau da, Oriori, Getariari, Zumaiari eta Zarautzi?

Ikusteko dago, eskumen berri horren letra txikia ere irakurri behar delako. Orion gaude, eta hemen, esaterako, ematen du hondartzako txiringitoen kontzesioak, baimenak eta halakoak guri transferituta egongo direla, eta Euskaditik kudeatuko ditugula baimen eta autorizazio berezi horiek. Horretaz gain, Getarian atun gorriarentzako haztegi berria jartzeko itsas eremua okupatzeko baimenak ere gure gain egongo dira. Horiez gain, beste mila arlo egongo dira, eta ikusi beharko dugu eskumenak zer baimentzen digun eta zer aukera ematen digun.

Noiz jakingo duzue hori?

Transferentzia edo eskumen aldaketa apirilaren 1ean gauzatuko da, eta bitartean hiru hilabete ditugu eskumenaren edukietan sakontzeko eta ikusteko zer geldituko den gure esku, eta zerk jarraituko duen Espainiako Gobernuaren esku.

"Soldata ona irabazten da baina, hala ere, ez dugu gazterik erakartzen arrantzara"

Orion bertan, Espainiako Gobernua Oribarzar hondartza berreskuratzeko proiektua lantzen hasia zen; proposamen horren arabera, kofradia berriraino doan gaur egungo errepidea kendu egingo lukete, eta Txurruka aterpetxea, bota. Zerbait esan dezakezu horren inguruan?

Transferentzia gauzatzen denean, eskumen hori Eusko Jaurlaritzaren menpe gelditzen bada, noski arreta jarriko diogula Oribarzar eremuari. Kosta ministerioak aurreratu ziguna izan zen, kofradia berrira doan errepidea kentzen bada eta atzetik egin behar bada beste bide bat –kofradiara irisgarritasuna bermatzea delako gure lehentasunetako bat–, hori Jaurlaritzak ordaindu beharko lukeela. Baina proiektuaren xehetasunak ez dakizkigu.

Zure saileko beste berrikuntzetako bat da Portuetako Udal Kontseiluak eratzen ari zaretela kostako herrietan. Eskualdean, Getarian sortu berri duzue, eta datorren urtean Zarautzen, Orioren eta Zumaiaren txanda izango da, ezta?

Portuen legeak jasotzen zituen organo horiek, eta guk egin duguna da legea bete eta kontseiluak eratu. Kontseilu hauen funtzio nagusia izango da udalaren eta Jaurlaritzaren arteko harremanak sakontzea, engrasatzea. Gure portuak herriko plazak direla edo hala bihurtzen ari direla esan dezakegu, eta beti izan dira bi administrazioen artean talka batzuk; hori nahi da bideratu eta egonkortu foro baten bitartez. Kontseiluak eratu ahala, ikusten ari gara beste eragile eta elkarte pribatu batzuek nahi dutela kontseilu horietan parte hartu. Legeak eta dekretuak ahalbidetzen du landuko den gaiaren arabera elkarte edo eragile bat gonbidatzea bilkurara, eta oso irekiak gaude horretara ere. Pixkanaka joango gara ikusten, portuz portu eta herriz herri, zein diren arazoak eta nola garatzen dugun elkarlan hori.

2024a bukatzen ari da, eta Europako Batasunak zehaztu ditu datorren urteko arrantza kuotak. Getariako eta Orioko ontziak baxurako arrantzan ibiltzen dira, eta zer balorazio egiten duzu haiei jarritako kuotez?

Baxurako arrantzako akordioa, orokorrean, ez da txarra: hegaluzearen eta hegalaburraren kuotak mantenduko dira eta biak daude maximo historikoetan; antxoaren kuota oso gutxi jaitsiko da, %5-6; eta txitxarroak sekulako gorakada izango du. Beraz, esan nahi du baxurako arrantzaleek harrapatzen dituzten espezieak ondo daudela, kuotek islatzen dutelako zein den baliabidearen egoera.

Alde horretatik, gure flotak arrantzatzen dituen espezieak nahiko ondo daudela esan dezakegu, berdela izan ezik. Azken hiruzpalau urteetan beherakada ari da jasaten, dezentekoa, eta beste %20ko beherakada izango du datorren urtean. Kezka eragiten digu, kuota handirik eduki ez arren, eta sarearekin eta arrastrearekin harrapatzen den berdela ondo arrantzatzen ari diren arren, amuarekin arrantzatzen duten baxurako itsasontzi asko arazoak izaten ari direlako kuota betetzeko. Pentsatzen dugu ez dela ari berdela gure kostaldera iristen orain bost eta hamar urte bezain ugari, iparraldean badirelako beste herrialde batzuk, esaterako Norvegia eta Islandia, berdelaren arrantza industriala egiten dutenak. Horregatik, datorren urtean landu behar dugula aurreikusten dugun gai garrantzitsuenetakoa izango da hori.

"Itsasertzaren eskumen berriaren letra txikiak dioena aztertzea da lehen eginbeharra"

Erronka horrez gain, 2025ean Arrantza zuzendaritzak zer beste erronka edo helburu izango ditu?

Gure lana bi eremutan finkatzen da, eta ia urtero errepikatzen diren gure erronka nagusiak hauek izaten dira: batetik, arrantza bera, gure espezieak nola kudeatzen diren eta nola arrantzatzen diren gainbegiratzea eta Madrili oso adi egotea, erabaki asko han hartzen direlako eta arrantza eskumen gehienak hark dituelako; eta, bestetik, gure lana izaten da Europatik datozen diru funtsak egoki kudeatzea hainbat eratako eskaerei erantzuteko, izan itsasontziak modernizatzeko, akuikulturako proiektu berri batzuetarako eta abar. Sektore berezia da, batetik nitxo mugatua duelako, baina era berean, balio kate handia sortzen duelako, arrantzatik hasi eta arrandegietara arte.

Eskualdeko portuetan gero eta arrantzontzi gutxiago ikusten da, eta horrek kezkatzen zaituela esana duzu.

Bai. Orion hiru itsasontzi gelditzen dira, eta Getarian hamalau bat –eta beste lauzpabost txiki, itsas bazterrean ibiltzen direnak–. Denok ikusten dugun errealitatea da itsasontzi gero eta gutxiago daukagula. Datu kezkagarria da, eta horri nolabait buelta emateko ari gara azken urteetan hainbat ahalegin eta ekintza gauzatzen arlo desberdinetan, tartean arrantza eskoletara joanez eta hainbat laguntza eskainiz. Oso zaila suertatzen zaigu formula aurkitzea, beste sektore batzuetan erreleborik ez badago, normalean dirurik irabazten ez delako izaten delako. Arrantza sektoreak, ordea, ematen du dirua; soldata ona irabazten da, baina, hala ere, ez dugu jende gazterik erakartzen arrantzara.

Dauden arrantzaleekin hizketan ari gara, programa berriak sortu nahian, baita arrantzaleen lan baldintzak hobetu nahian ere. Esaterako, kontuan hartuta batez ere udan egun asko pasatzen dituztela itsasoan, laguntza batzuk jarri ditugu konexio ona izan dezaten edozein tokitan egonda ere, familiekin edo lagunekin harremanetan egon ahal izateko. Gaur egun gazteak erakartzeko ezinbesteko tresna dela uste dut hori. Dena den, oso kezkatuta gaude egoerarekin, ez garelako ari lortzen guk nahi ditugun emaitzak; beharbada, gure helburuak ere anbiziotsuegiak izango dira, ez dakit.

Getariako hegalabur haztegia aipatu duzu lehen.

Bai. Proba egin nahi dugu, gaur egun kanpora saltzen delako hegamotza, eta, beraz, aberastasuna ere kanpora joaten delako. Aberastasuna hemen gelditzea nahi dugu. Neuri, pertsonalki, iruditzen zait proiektua errazagoa dela Mediterraneo itsasoan gauzatzea Kantauri itsasoan baino; izan ere, hara joaten diren garaian hegamotzak bat egiten ibiltzen dira, eta hona, berriz, jan bila etortzen dira –bakoitza bere aldetik ibiltzen denez, harrapatzeko zailagoa izaten da–. Arrantzaleak ados daude proba egitearekin, ordea, eta hori da garrantzitsua; beraiek dira adituak, arrantza kuota beraiena da eta beraiek erabakitzen dute zer egin beren kuotarekin. Hurrengo urteko beste erronketako bat izango da hori, eta ikusiko da zer emaitza ateratzen diren.

Elkarrizketaren batean esana duzu hausnartu beharko genukeela zer arrain kontsumitzen dugun, eta nongoa.

Hala da. Elkarrizketa hartan esan nuena izan zen kontsumitzen dugun arrainaren %30 dela hemengoa, bai gure arrantzaleek arrantzatutakoa, edo Espainian arrantzatutakoa. Gainerako %70 kanpotik ekarritakoa edo akuikulturatik ekarritakoa izaten da; hori ere ia dena kanpokoa da, hemen apenas dagoelako. Hortaz, gure sektoreari bultzada eman behar badiogu, kontsumitzaileak kristoren indarra dauka, berak erabakitzen duelako zer erosi eta galde dezakeelako ea nongo arraina den erostera doan hori.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide