Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) urte amaierako asanblada egin du gaur goizez Zarauzko Modelo aretoan. Erakundeko partaide diren herrietako 150 alkate eta zinegotzi bertaratu dira ekitaldira. Urteak eman duenaren balantzea egin dute, baita 2025era begira jarri ere, datorren urterako egitasmo nagusiak adostuz.
Euskara larrialdi linguistikotik ateratzeko neurriak ezartzea du eginbehar nagusia UEMAk datorren urtean. Erakundeko presidente Martin Aramendik nabarmendu duenez, "euskara larrialdi linguistikotik ateratzeko euskararen aldeko neurriak ezinbestekoak dira, eta jauzi handi bat egin norabide egokian". Zentzu horretan, euskarak behar duen olatu berria sortzeko erantzukizuna eta konpromisoa berretsi ditu gaur UEMAk, 2025erako egitasmoak onartuta. "Erakunde publikoei eredu izatea dagokigu, eta euskarak behar duen olatu berri horretan ezin dugu ikusle hutsak izan. Lehen lerroan egoteko eta erakunde publiko handiagoetan eragiteko konpromiso sendoa daukagu UEMAko kide garen udalek, hizkuntza politikak batean eta bestean behar duen aldaketa benetakoa izan dadin", nabarmendu dute Aramendik eta UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak.
Datorren urtera begira, arnasguneei buruzko nazioarteko lehen topaketa egingo dutela informatu du Segurolak. Horrez gain, Plazara elkartearekin sinatutako hitzarmena gogoratu dute bilkuran, eta etorkizunera begira bi erakundeek Ipar Euskal Herriko zenbait herriko etxeekin lankidetza abiatuko dutela iragarri dute, "arnasgunetze prozesuei ekiteko eta udalerri horietako euskal hiztunak ahalduntzeko".
Euskarazko ikus-entzunezkoak zabaldu ahal izateko UEMAk eta EiTBk lehen aldiz sinatutako hitzarmena ere era positiboan baloratu dute. Akordio horri esker, UEMAko kide diren udalek Primeran plataformako eduki zehatzak areto publikoetan eskaintzeko aukera izango dute, beti ere 3.000 biztanletik beherako herrietan.
Bi herri gehiago UEMAko kide
Horrekin batera, mankomunitatera batzeko interesa duten bi udalerrien eskaera ere onartu dute gaurko bilkuran, Aranorena eta Lekunberrirena, hain zuzen ere. Hala, Euskal Herriko 113 udalek osatuko dute aurrerantzean UEMA, guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.