Saregile emakumeen etxeak antolatuta, Andrak Erramutan talde feministak udan egindako Itsas Erronka Feministaren dokumentala aurkeztuko dute gaur, 18:00etan hasita.
Itsas erronka, bere garaian Orioko 40 urtetik gorako emakumeek egindako arraun erronkan oinarritu zen. Zergatik ez? taldea izan zen Oriotik Bilbora arraunean joan zena.
Zergatik ez? taldeko kide Josi Roig oriotarrak pozik gogoratu du garai hartako erronka: "Zergatik ez? esperientzia ahaztezina izan zen. Duela 6 urte erakutsi genuen emakumeok hemen gaudela eta indartsuak garela, eta proposatzen dugun edozer betetzeko gai garela. Kasu honetan, arraunaren bitartez erakutsi ahal izan genion bai gure buruari baita gizarteari ere, inoiz ez dela beranduegi zure burua aurkitzeko eta ahalduntzeko. Eskertu nahiko nituzke gugan sinistu zuten gizon bakarrak, hau da, gure entrenatzaileak. Baita Zergatik ez? taldeko partaide guztiak. Bakoitzak bere bizitzarekin jarraitu duen arren, badakit eraiki genuena hobeezina eta ahaztezina dela, eta lortu genuena gure izateko moduan islatuko da betirako".