Udalak aitortza egingo die urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei

Julene Sorarrain 2024ko abe. 2a, 15:45

Herriko Plaza. (Orioko Udala)

Herritarren proposamenak aurkezteko epea abenduaren 10a arte egongo da zabalik. Aukeraketa prozesua amaitu ostean, aitortza ekitaldia ospatuko dute, abenduaren 28an.

Orioko Udalak urtean zehar nabarmendu diren herritarrei aitortza eta omen egiteko ekitaldia antolatu du. "Orion jende asko dago herriari ekarpena egiten diona, bakoitzak bere eremutik: kultura, kirola, zientzia, gizartea… Batzuk oso agerikoak dira, baina beste batzuk, berriz, isilean pasatzen dira askotan. Guztien ekarria aitortu eta omentzea izango da ekitaldiaren xedea", jakinarazi du udalak.

Herri-aitortza jasoko duten oriotarren aukeraketa deialdi baten bidez arautuko da. Hori horrela, aukeraketa-prozesuan, aurrena, herritarrek izango dute hitza, eta berek proposatuko dituzte hautagaien izenak, udalak prestatu duen formularioaren bidez. 

Formularioa bete ondoren, edozein herritarrek adierazi ahal izango du zein diren, bere ustez, aurten nabarmendu diren eta omena merezi duten oriotarrak (norbanakoak edo taldeak). Proposamena ez ezik, hautagaiaren merezimenduak deskribatu beharko dituzte, besteak beste haren ibilbidea, lorpenak eta balioak. Merezimendu horiek ilustratzen dituzten dokumentuak ere aurkeztu ahal izango dituzte, esaterako prentsan argitaratutako testuak eta argazkiak. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 10a arte egongo da zabalik.

Hautagai izateko baldintzak

Hautagai izateko, oriotarra edo Orion erroldatutakoa izan behar da; edo, bestela, herriko kultur edo kirol-elkarteren batean ibilitakoa edo dabilena. Bestalde, udalak zehaztu du zein ezin diren omendu izateko hautagai izan, hala nola, fikziozko pertsonaiak, lehendik ere omendutakoak, hildakoak, kargu politikoak betetzen dituzten pertsonak, udalbatzarra osatzen duten kideak edo udaleko konfiantzazko karguak dituztenak, egoera horretan dauden bitartean.

Proposamenak jaso ondoren, mahai tekniko batek aztertu egingo ditu, eta ondoren, epaimahaiak hautatuko du aurten omena jasoko duen oriotarra. Epaimahaia zozketaz aukeratutako herriko lau elkarteren ordezkari banak eta udal-teknikari batek osatuko dute.

Ekitaldia abenduaren 28an izango da, larunbatarekin. Udalak aditzera eman duenez, ekitaldi "xume bat" izango da eta, bertan, herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dute omenduek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide