Ezusteko iragarpena egin du gaur Benito Lertxundi (Orio, 1942) abeslari oriotarrak prentsaren aurrean: musika utziko du. Azken lana aurkezteko prentsaurrekoa eman du gaur goizean Gernika-Lumon (Bizkaia), eta bere baitan "urte hasieratik" hartuta zuen erabakiaren berri eman du. "Nire baitan erabakia hartua zegoen, eta bildu nituen bidelagun izan diren eta diren musikariak, teknikariak eta guztiak, eta erabakia bota nien: erabaki nuen 60 urteko kantagintzari amaiera ematea".
60 urte eta gero, Gernika kontzertuan diskoarekin batera esan die agur oholtzei musikariak. Hain zuzen, 2023ko azaroaren 11n Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan eskainitako kontzertua jaso du Lertxundik kaleratu berri duen diskoan. "Entzuleekin izan dugun harremanaren adierazgarri bikaina da, baita Haziberrirekin egindako elkarlan polit baten emaitza ere", jakinarazi du Lertxundik.
Disko berriaren iragarpenarekin agurtu ditu Lertxundik agertokiak. Sei hamarkadatan etenik izan ez duen ibilbide oparo baten ostean, kontzertuak emateari uzteko garaia iritsi zaiola adierazi du hark. Musikariak, ordea, ez du baztertzen musikarekin edo sormen artistikoarekin harremanetan jarraitzea.
Oriotarra esker oneko azaldu da aurkezpenean ibilbidean zehar inguruan izan dituen pertsonek nahiz jarraitzaileek erakutsi dioten maitasunagatik. "Batzuetan ahaztu egiten gara, baina uste dut afektu asko jaso dudala. Alde horretatik, oso saritua sentitzen naiz; zorte onekoa izan naiz. Jendearengandik maite giro asko jaso dut, eta polita da hori".
Frankismo garaian hasi zuen musika ibilbidea, 19 urte zituela. Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen Lertxundi, eta talde hura desegin ostean, bakarkako ibilbide arrakastatsua egin du hamarkadaz hamarkada. Dozenaka kanta eta ia hogei disko argitaratu ditu bidean.
Azken lana, disko bikoitza
Benito Lertxundi. Gernika kontzertuan oriotarraren diskogintzako bigarren zuzeneko lana da. Izan ere, 2005. urtean, 40 urtez ikasten egonak disko bikoitza kaleratu zuen, hemeretzi abestiz osatua. Diskoaren bidez, musika munduan egindako lau hamarkadako ibilbidea ospatu nahi izan zuen orduko hartan oriotarrak.
Kaleratu berri duen zuzeneko lanean, aldiz, 29 abesti bildu ditu, beste hainbat musikarirekin elkarlanean plazaratuak: besteren artean, Juantxo Zeberiok, David Gorospek, Amaiur Cajaravillek, Gurutz Bikuña, Angel Unzu, Xabier Zeberio Pello Ramirez, Intza Unanue eta Olatz Zugasti. Aurkezpenean azaldu duen moduan, ez da "bilatutako" disko bat izan: "Nik ez nuen disko bat egiteko asmorik. Ni ez naiz disko horren bila joan, bera etorri da".
60 urteotako ibilbideko 29 abesti ezagun bildu ditu disko bikoitzean, hala nola Bizkaia maite, Nere herriko neskatxa maite, Baldorba, eta Mirotzak. Hainbat doinuz osatutako lan horretan, baina, oraindik argitaratu gabeko kanta bat ere jaso du: Ez nabil ezeren bila. Azken bi urteetan eskaini dituen kontzertuei bukaera emateko baliatu izan du kanta hori Lertxundik, baina oraindik jaso gabe zuen. "Kontzertua bukatu nahi izan dut, nik alde egin, eta nire inguruko guztiak han gelditzea. Azken kantua da, diskoko azken kantua", azaldu du. Diskoko azken kanta ez ezik, baina, bere diskografiako azken abestia ere izango da Ez nabil ezeren bila deiturikoa.
Lan berria abenduaren 5etik aurrera eskuratu ahal izango da, besteak beste, Durangoko Azokan.
Grabatu zutena
Haziberri elkartea kultur ikuskizunak modu jasangarrian eta berritzailean antolatzeaz arduratzen da. Duela bi urte, 2022an, Gernikako Europa parkean urtero antolatzen duen kontzertuan jotzeko proposamena baztertu egin zuen Lertxundik, baina urtebete beranduago, "aukera berri bat" ekarri zien musikariak Haziberriko kideei: Gernikako Jai-Alai frontoian kontzertua antolatzeko aukera. Haziberriko kideek jakinarazi dutenez, "labur" geratu ziren beren aurreikuspenak; izan ere, edukiera handitu behar izan zuten 1.400 eserlekutik 2.000 eserlekura.
Hasiera batean ez zuten kontzertua grabatzeko asmorik, baina emanaldia hasi baino hamabost minutu lehenago piztu zitzailen bonbila. Hilabete batzuk pasatu ondoren, Olatz Zugastiren deia jaso zuten Haziberrikoek; Lertxundik Jai-Alai frontoiko kontzertuan jasotako grabazioarekin osatutako zuzeneko diskoa argitaratu nahi zuela esan zien hark.