Abenduan hara eta hona ibiliko da Errio dokumentala, hasi Durangoko Azokan proiektatzetik, pasa Aginaga auzoan erakustera, eta berriz herrira iristeko, bertan bi emanaldi eskainiko baitituzte. Hainbat zinema jaialditara aurkezteko intentzioa ere badute, eta jada azpititulatu dute gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera. Ibon Gaztañazpi (Orio, 1977) dokumentaralaren zuzendariak esan du oso gustura direla orain arte jasotako feedbackarekin.
Durangoko Azokan erakustera zoazte Errio dokumentala. Gogotsu?
Bai, oso gogotsu. Lan asko aurkeztu dituzte Durangora, eta horietatik 40 erakutsiko dituzte, tartean gurea. Egitarauan aldaketarik ez bada, abenduaren 5ean, 16:00etan proiektatuko dute, eta aurrez, hamabost bat minutuko aurkezpen txiki bat egingo dugu.
Orain arte Orion bakarrik erakutsi da dokumentala, eta gaia ere erabat lotuta dago Oriori. Askotan gai lokal bat globala ere izaten da albi berean. Errio hala dela iruditzen zaizu?
Dokumentala Leon Tolstoiren aipu batekin hasten da. Aldaera asko eta asko ditu aipu horrek, baina gutxi gorabehera esaten duena zera da: ezagutu zure herria, eta mundua ezagutuko duzu. Dena den, herrian erakutsi edo kanpoan erakutsi, oso desberdina da, bai, aurkezpena zeharo desberdina izango da. Baina oso gustura gaude, oso pozik, asko motibatzen gaitu herritik atera eta Euskal Herrian gure lana erakusteak. Harrokeriaz ez, baina harrotasunez goaz herrian daukaguna erakustera: zer garen, zer egin dugun, eta zenbat dugun ikasteko.
Zinema jaialdi batzuetara aurkeztuko duzue dokumentala.
Bai. Euskal Herrian aurkeztuko dugu, baina baita Espainian, Frantzian eta beste toki batzuetan ere; Interneten badaude plataforma batzuk mota honetako lanak eskuragarri jartzen dituztenak, eta guk izena emango dugu han eta hemen. Zinema jaialdietan hartzen bagaituzte, ikaragarri gustura joango gara. Gai hori orain ari gara aztertzen, baina jada pare baterako izena eman dugu; ikusiko dugu filtroa pasatzen duen.
Bestetik, Euskal Herrian –Gipuzkoan behintzat bai– herriz herri ibili nahiko genuke; erabat irekita gaude horretara.
Dokumentala euskara hutsean dago, baina azpidatziak jarri dizkiozue hainbat hizkuntzatan, ezta?
Bai. Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez jarri dizkiogu. Gaztelaniazkoa neuk egin dut, gustura, gainera. Agian beste hizkuntza batera ere itzuli beharko dugu, baina ikusteko dago oraindik. Ea zer bide egiten duen honek guztiak.
Orion irail amaieran estreinatu zenuten dokumentala, kiroldegia goraino bete zen, eta Gabonen atarian beste bi proiekzio eskainiko dituzue. Orain arte zer erantzun jaso duzue herritarrengandik?
Orain artekoa mundiala izan da, aitzakiarik gabekoa. Entzun dugun ia dena –eta ia hori oso txikia izan da– oso ona izan da. Emanaldi bakarra estreinaldikoa izan zen, eta jendea oso gustura gelditu zen. Dokumentalak galdera batzuk botatzen ditu, eta jendeari zer pentsatua eman ziola ematen du, piztu zaiola jakin nahi bat, edo dakiguna transmititzeko gogo bat. Hala ere, berriro erakutsitakoan jendeak zer esango zain bagaude.
Bitxikeriarik izan da estreinaldiaren aurretik edo ondoren?
Tira, bat izan daiteke estreinaldian ni gutxitan bezala nerbioetatik jota nengoela [barrez]. Gero, anekdota ez dakit den, baina hurrengo egunetan jende mordoa etorri zitzaigun. Ikusi orduko, esaterako, bi aginar etorri ziren guztiz hunkituta; inbidia handia zuten, Orion halako lan bat egin dugulako. Hori entzutea polita da; ikustea inguruko herrietatik nola begiratzen diguten.