Orioko Udalak jakinarazi duenez, atzo, azaroaren 20an, argitaratu ziren Muntoko babes ofizialeko 46 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.
Zerrenda horiek multzoka banatu dituzte, hala nola, 36 urtetik beherakoen zerrenda, elbarritasunen bat duten herritarrena, behar bereziak dituzten herritarrena, eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa duten herritarrena. Prozesuan izena emanda dauden herritarrekin harremanetan jarri da Etxebide, onartuak izan diren edo ez jakinarazteko.
Errekurtsoak aurkezteko epea zabalik dago eta azken eguna abenduaren 20a izango da. Errerkurtsoak postaz zein aurrez aurre aurkeztu daitezke. Postaz egiteko, dokumentuak Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara bidali daitezke (Andia Kalea 13, 6 – 20004 Donosti). Aurrez aurre egiteko, aldiz, Herritarrentzako Zerbitzuetara jo daiteke, aurretik hitzordua eskatuta (Andia Kalea 13, beheko solairua – 20004 Donostia).
Alegazio guztiak jaso eta aztertutakoan, behin-behineko zerrendak kaleratuko ditu Etxebidek. Ondoren, prozesuan izena emanda dauden herritarrei horren berri emango die. Zerrenda horiek baremazioan lortutako puntuen arabera osatuko dira; bertan adieraziko da nori egokitu zaion etxebizitza, nor geratu den itxaron-zerrendan, eta nor izan den baztertua. Jarraian, alegazioak aurkezteko bigarren epea zabalduko dute.
Alegazioak jaso eta baloratutakoan, Etxebide harremanetan jarriko da prozesuan parte hartu dutenekin, behin betiko emaitzaren berri emateko. Bestalde, eskaerak kontsultatu daitezke lotura honen bidez.