Ostiralean eta larunbatean, Orion erroldatutako 18 urtetik gorako herritarrek botoa emateko aukera izan zuten Ikastola aurreko plazoleta eraberritzeko bost proiekturen artean gustukoena aukeratuta.
Orioko Udalak atzo jakinarazi zuen 440 oriotarrek parte hartu dutela, hau da, bozkatzera deituta zeudenen %8,7 inguruk. Orain, kontaketa egitea tokatzen da, eta hori jendaurrean egingo du udalak, bihar bertan, asteazkena, 12:00etan udalbatzar aretoan. Epaimahaiko idazkariarekin eta udal ordezkariekin batera, herritarrek ere izango dute aukera zenbaketa zuzenean jarraitzeko.
Hurrengo pausoak
Udalak gogorarazi du herritarrek, guztira, 50 puntu banatuko dituztela, eta, ondoren, puntu horiek epaimahaikideek emandakoekin batuko direla. Mahai teknikoak, proiektu bakoitza 0-95 puntu artean baloratu du. Balorazio hori sekretua da oraingoz; ez da jakitera eman.
Beraz, biharko zenbaketaren ondoren, epaimahaia berriz bilduko da, batuketa egiteko eta ideia lehiaketaren irabazlea jakinarazteko.
Ideia lehiaketa amaitutakoan, exekuzio proiektua idatzi behar du irabazleak, eta gero proiektua landu behar da. Ondoren, lanak lizitatuko dira, eta gero hasiko dira obrak. Dena ondo bidean, 2025eko udan hasiko lituzkete lanak. Helburua da Ikastola itxita dagoen epean egitea plazako obrak.
Orioko Udalak aurreratu duenez, "parte hartzeko prozesu hau lehena izan da, baina, horrelako gehiago egitea aurreikusten du udalak. Beraz, lehen ariketa hau oso baliagarria izan da, proba gisa, non asmatu den eta zer hobetu daitekeen identifikatzeko".