Herritarrek bihar eta etzi bozkatu ahalko dute Andra Mari gunerako proiektu gustukoena

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 14a, 12:40

Andra Mari guneko ideia lehiaketetara aurkeztutako lau proiekturen irudiak.

Orioko Udalak hainbat azalpen eman du azken asteetan gai honi buruz, eta horiek honako bost puntutan laburbildu ditu Gukak.

Bihar eta etzi, Orion erroldatutako 18 urtetik gorako herritarrek botoa emateko aukera izango dute Ikastola aurreko plazoleta eraberritzeko bost proiekturen artean gustukoena dutena bozkatuz. Bihar, ostirala, Kultur Etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era egongo da zabalik bozkalekua, eta NA erakutsi beharko da horretarako. Etzi, larunbata, berriz, Turismo Bulegoan egongo da horretarako aukera, 09:30etik 15:00etara.

Orioko Udalak abiatutako parte hartze prozesu horren inguruko azalpen nagusiak honako bost puntutan laburbildu ditu Gukak:

1. Helburu nagusia. Andra Mari gunea da herriko puntu baxuena, eta marea oso goian dagoenean eta euria egiten duenean, ura sartzen da. Horregatik, euri uren sistema berritu nahi du udalak, hor sortzen diren inundazioak ahal den neurrian ekiditeko. Herriko hoditeria sistematik kanpo utziko dute gune hori, eta horko euri urak, bonba bidez, errioaren mailatik gora hustu ahal izango dira. Hori da Andra Mari proiektuaren oinarria, eta "bai ala bai" egingo dela esan du udalak. 

2. Ideia lehiaketa da. Lan horiek egingo dituztela aprobetxatuta, hoditeriaren gainean dagoen plaza –Ikastola aurreko plazoleta– eraberritu egingo du udalak, plaza osoa erabat hormigoizkoa delako gaur egun, eta drenajerako ez delako material egokia. Eraberritzearekin batera, estetikoki ere aldatu egin nahi du plazaren itxura. Horregatik, ideia lehiaketa bat egin du udalak, eta bost proiektuk gainditu dituzte baldintza teknikoak. Proiektu bakoitzak puntuazio zehatza lortu du hiru arkitektok osatu duten epaimahaiaren partetik, eta orain, herritarrek gustukoena bozkatu ahal izango dute. Proiektu batzuk nahikoa berdinduta daude puntuazioz, eta horregatik, herritarren botoek erabaki dezakete zer proiektuk irabaziko duen ideia lehiaketa.

3. Dena ez da gauzagarria. Behin bozketa egin eta behin betiko puntuazioak zehaztutakoan, ideia irabazlean oinarrituta eskatuko du udalak exekuzio proiektua idaztea. Alegia, herritarrek bozkatuko dituzten proiektuak ez dira %100 itxiak izango. Kontzeptuak eta ideiak dira garrantzitsuenak. Gainera, Espainiako Kosta eta Itsas Inguruneko Ministerioaren aginpeko eremua da hori, eta haren oniritzia ere behar du proiektuak, eta kosta legeak dio, esaterako, ezin dela estalpe finkorik jarri itsas eremutik hain gertu, ez bada zerbitzu zuzena emateko hondartza edo itsaso eremuari. Zentzu horretan, bost proiektuetako batean estalpe handi bat ageri da, eta udal arduradunek argi utzi nahi izan dute halako estalperik ezin dela egin eremu horretan. Dena den, proiektu horrek "beste ezaugarri interesgarri batzuk baditu", eta horregatik dago bozkatu daitezkeen proiektuen artean.

4. Epeak. Ideia lehiaketa amaitutakoan, exekuzio proiektua idatzi behar du irabazleak, eta gero proiektua landu behar da. Ondoren, lanak lizitatuko dira, eta gero hasiko dira obrak. Dena ondo bidean, 2025eko udan hasiko lituzkete lanak. Helburua da Ikastola itxita dagoen epean egitea plazako obrak.

5. Proiektuak. Bost proiektuen irudiak eta azalpenak Kultur Etxeko areto nagusian daude ikusgai panel banatan, eta baita online ere, udalaren gukoriori.eus webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide