Jakina da herriko pilotalekua eta inguruko eraikinak eraitsi eta etxebizitzak egingo dituztela bertan epe labur edo ertainean. Hala, pixkanaka gaiari lotutako pauso berriak ematen ari dira eragileak. Duela gutxi jarri dute, esaterako, etxe berriak promozionatzen dituen kartela Eusko Gudari kalean, jada eraitsita dagoen orubean. Kartelean iragartzen dutenez, 24 etxebizitza berri egingo dituzte eremu horretan.
Orioko Udalaren jabetzakoa da pilotaleku eremuaren %20, eta hori besterentzeko lizitazioa jarri berri du martxan. Lizitazioan, bi aukera utzi dira irekita: bat da udalari eremu horrengatik dagokion zenbatekoa dirutan jasotzea; bestea da, dirutan beharrean espezietan jasotzea, hots, pilotaleku berriari estalpea jartzea, argiztapen lan guztiak egitea eta udalarentzat izango den lokal bat egokitzea eta komun publikoak egitea.
Lizitazio proposamena urriaren 29ko udalbatzarrean bozkatu zuten zinegotziek, eta aho batez onartu zuten. Lizitazioaren zenbatekoa 518.000 euro (+BEZ %21) da, eta proposamenak aurkezteko epea zabaldu da, gaur atera baita iragarkia GAOn. Gainera, udalak baloratu ditu dirutan beharrean espezietan egingo liratekeen lan horien kostuak: estalkia egitea 243.000 euro; argiztapena 35.000 euro inguru; lokala erostea 100 metro koadro, 130.000 euro; lokala egokitzea 90.000 euro; komun publikoa jartzeko lokala, 20.000 euro.
"Korapiloa askatzen"
Udalbatzarrean, Olatz Santamaria Hirigintza zinegotziak hartu zuen hitza bozketaren ondoren. "Egoera hainbat urtez ataskatuta egon da hainbat zailtasunengatik, besteak beste gune horretan dauden eraikinen egoeretan dauden desberdintasunengatik. Badirudi orain korapiloa askatzen ari dela, eta berri pozgarria iruditzen zaigu bai herriarentzat, bai bertan bizi direnentzat", esan zuen. Santamariak azpimarratu zuen, halaber, eremu hori "urte askoan ordenazioz kanpo" egon dela.
"Oso argi dugu gune hori berrantolatzen denean herriak asko irabaziko duela, urte askoan dagoelako egoera degradatu batean, eta bestalde, badakigu horrek herriko frontoia eraistea ere badakarrela berarekin". Horregatik, Santamariak jakinarazi zuen udalak martxan duela "lanketa bat eszenatoki desberdinak kontenplatuz", eta aurrerago gaiaz azalpenak ematen joango direla esan zuen.
Oraingoz udalak ez daki noiz botako duten pilotalekua etxeak egiteko, ezta pilotaleku berriak zer kokapen izango duen eta hori noiz eraikiko den ere.