Orio Kanpinean igerileku eta ur parke berria egiteko lanak, esleituta

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 12a, 11:00

Orioko udal kanpina.

Alpe Pools SL enpresak egingo ditu udal kanpineko lanak 1.022.000 euroko aurrekontuarekin, eta igerilekuak kokapen berria edukiko du, kanpinaren iparraldetik hegoaldera lekualdatuko baitute. Guztira ia 1.400 metro koadro inguruko azalera edukiko du igerilekua eta ur parkea biltzen dituen eremuak.

Orioko udal kanpinean aisialdiko igerilekua eta ur parkea eraikitzeko obraren kontratazioa Alpe Pools SL enpresari adjudikatu dio Orioko Udalak, prozedura ireki sinplifikatu baten bidez. Urri amaierako udalbatzarrean onartu zuten erabakia, EH Bilduren aldeko bederatzi botorekin –zinegotzi bat falta zen–. EAJko hiru zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren.

Erabaki garrantzitsua da herriko kanpinarentzat, behin obrak amaituta, igerileku klimatizatua edukiko duelako. Gaur egun iparraldean dago igerilekua, eta tokiz aldatuko dute. Hegoalderago kokatuko dute, kanpineko eraikin zuriaren atzealdean, horren amaieran. Igerilekuak sakonera txikiagoa edukiko du tenperatura epelagoa errazago mantentzeko, toboganak edukiko ditu eta forma biribila izango du, egunen batean estali nahi balitz ere, eta ur parkea ere izango du. 400 metro koadro inguruko zabalera hartuko dute igerilekuak (280 metro koadro) eta ur txorroek (100 metro koadro). Gune osoak, berriz, ia 1.400 metro koadro edukiko ditu, eta itxitura baten barruan egongo da.

Udalak hainbat saiakera egin ditu obra adjudikatzeko, baina orain arte hainbat zailtasunak egon dira, eta lizitazioa atera duten hirugarren aldia izan da honakoa.

Jon Carrera udal idazkariak azaldu zuen irail hasieran amaitu zela herriko kanpinean igerilekua eta ur parkea eraikitzeko proiektuak aurkezteko epea, eta proposamen bakarra aurkeztu dela epe horretan, Alpe Plus S.L. enpresak egindakoa. Hark egindako proposamen ekonomikoa 1.022.000 eurokoa da –1.243.000 eurokoa BEZrekin–. Carrerak esan zuen BEZ kopuru hori enpresari ordaindu egin beharko diola udalak, baina gero desgrabatu egingo duela.

EH Bilduren eta EAJren iritziak

Lohitzune Solabarrieta zinegotziak hitz egin zuen EH Bilduren izenean, eta berak ere onartu zuen "saiakera askoren ondoren lortu" dela enpresa bat aurkeztea eta enpresa horrek "irizpide tekniko eta ekonomiko guztiak betetzea". Solabarrietak nabarmendu zuen "txosten teknikoen arabera, leku egokiagoan" egongo dela igerilekua, eta horrek desestazionalizazioan eragingo duela esan zuen, "bai kanpinaren onurarako, bai herri onurarako". Erabiltzaile kopurua "handitu" egingo duela ere esan zuen.

Zinegotzia gustura agertu zen emandako aurrerapausoagatik: "Azpimarratu nahi dugu oso gustura gaudela, aurrerapauso bat gehiago ematea lortu dugulako aurreko agintalditik aho batez onartuta datorren gai honen inguruan".

EAJren izenean, Lourdes Salsamendik hartu zuen hitza, bere alderdia abstenitu izana azaltzeko: "Gaia aurreko agintalditik aho batez onartuta datorrela esan duzue, baina agintaldi honetan proposamen gehiago ere egon dira, eta gure ustez egokiagoak ziren. Aurreko udalbatzarrean eman genituen arrazoiak eta ez ditugu errepikatuko, baina hori argitu nahi genuen: guretzat bazeuden proposamen hobeak zentzu guztietan, bai ekonomikoki, bai bestela".

Solaberrietak erantzun zion "txosten teknikoaren arabera kokapen berria egokiagoa" dela, eta EAJk "beste kokapena" proposatzen zuela. "Baina guk ez dugu kokapen berriarena edonondik atera, txosten teknikotik baizik. Txosten horrek dio gaur egungo kokapena umelagoa dela eta mendiaren ondoan dagoenez, zikina ere gehiago jasotzen duela eta eguzki gutxiago daukala. Kostua pixka bat handiagoa izan arren, ezaugarri horietan oinarritu ginen kokapen berria aukeratzeko", azaldu zuen. "Behin igerileku berria egiten hasita, desestazionalizaziorako teknikoki egokiena dena aukeratu nahi izan dugu".

Salsamendik erantzun zion, berriz, "hiru proposamenak teknikoki balekoak" zirela.

Anuska Esnal alkateak ere hartu zuen hitza. Esan zuen gaur-gaurkoz igerilekuak "erabilera txikia" duela, eta erabiltzaileek esaten dutela "tokia oso ospela" dela eta "eguzkiak oso momentu gutxitan" jotzen duela. "Horrek erabilera mugatzen zuen", gaineratu zuen. "Igerilekua berrituko bagenu, baina toki berean mantenduta, teknikoek ez ziguten ziurtatzen egungo arazoa konponduko litzatekeenik, tokiak berak dituen mugengatik", bukatu zuen Esnalek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide