Asteazkenean egitekoa zen zaintzaile profesionalei zuzendutako saioa atzeratu egingo da

Julene Sorarrain 2024ko aza. 11a, 15:30

Pertsona bat haur bati eskutik helduta.

Azken bi saioak asteazken honetarako zeuden iragarrita, baina zaintzaile profesionalei zuzendutakoa atzeratu egingo da. Data berria adostu bezain laster emango du horren berri udalak.

Orioko Udalak aurreko hilabetean jakinarazi zuen aurrera doala zaintzaren inguruan herrian egiten ari den lanketa. Horretarako, galdetegi bat prestatu zuten herritarrentzat, parte har dezaten zaintzaren inguruko ekintza planaren osaketan. Izan ere, udalak prest ditu lehen azterketa eta diagnostikoa.

Orain, udalak herritarren parte hartzea sustatu nahi du, "denok elkarrekin, nolako zaintza eredua nahi dugun erabakitzeko eta horretara iristeko ekintza plana adosteko".

Parte hartzea "errazteko" eta "ahalik eta ahots gehien jasotzeko", bost saio egingo ditu urrian eta azaroan, Saregile emakumeen etxean. Azken bi saioak asteazken honetarako zeuden iragarrita, baina zaintzaile profesionalei zuzendutakoa atzeratu egingo da. Data berria adostu bezain laster emango du horren berri udalak.

Hori horrela, zainduak diren pertsonak eta etorkizunean zainduak izango direnak elkartuko dira, etzi, 12:00etan, Saregilen. Udalak azaldu duenez, "gogoeta egiteko gune bat izango da, hausnartzeko nola zahartu nahi dugun eta nola nahi dugun zainduak izatea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide