Ortzaika auzoan hasiera dotorea eman zieten sanmartinei atzo iluntzean. Izan ere, jaiei hasiera emateko txupinazioaren ondotik, herri kirol desafioa egin zuten San Martin bailarako gazteek, eta festetako karpara jende dezente joan zen ikuskizunaz gozatzera.
Bi taldetan banatuta, gazteak harri jasotzen –bolarekin eta zilindroarekin–, txingetan, ingudearekin, trontzan eta korrika aritu ziren. Lau bider osatu zuten zirkuitua, eta berdinduta amaitu zuten lehia. Hala, garailea erabakitzeko sokatiran aritu ziren, eta talde beltzarentzat izan zen garaipena. Dena den, talde urdinak bigarren sokatira saioa eskatu zuen, eta bigarrenean urdinek irabazi zuten.
Kopak jaso, talde argazkia atera, eta erromeriaz gozatzeko unea iritsi zen, Alaitz Rotetaren eta Ainara Saizar trikitilarien eskutik.