Valentziara bidaltzeko produktuak jasoko dituzte asteburuan zehar herriko plazan

Julene Sorarrain 2024ko aza. 8a, 09:30

Izeta Sagardotegiak Valentziara bidaltzeko produktuak jaso ditu. (Utzitakoa)

Gaurtik hasi eta igandera arte egingo dute bilketa. Duela astebete denboraleak eta horrek eragindako uholdeek Valentziako eremu zabal bat txikitu zuten, eta ordutik han-hemenka elkartasun ekintza ugari ari dira sortzen.

Orioko Udalak, Iriki Begik eta Ostargi elkarteek antolatuta, Valentziara bidaltzeko produktuen bilketa egingo dute gaurtik hasi eta igandera arte. Herriko plazan jasoko dituzte produktuak, eta elkarteek jakinarazi duten bezala, uretako botak, palak, ontziak, lanerako arropa eta mangerak bilduko dituzte. Botikak ere eskatu dituzte, hala nola, parazetamol, ibuprofenoa eta betadine. 

Gaur arratsaldean hasiko dira bilketarekin, 17:30etik 19:30era bitartean; bihar, larunbata, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bitartean izango dira; eta igandean, aldiz, 10:00etatik 12:00etara bitartean. 

Bestalde, itsulapiko solidarioa ere jarriko dute herritarrek donazioak egin ditzaten, eta datozen egunetan bilketa gehiago behar izanez gero, beste deialdi bat egingo dutela jakinarazi dute. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide