1936ko gerra handia izan zen, eta neurri bereko ondorioak ekarri zituen Orio bezalako herri txikietara ere. Gurean gogoratzen den gertakari nagusia zubiaren eraisketa da, nola dinamitatu zuten gorriek herri sarrerako zubia erreketeen goraldia oztopatzeko helburuz. Horrelako gertaeren berri emana zuen Iñaki Iturainek 36ko gerraren ubera Orion - Gerra bat barruan degula (2014) liburuaren bitartez, dokumentu eta testigantza mordoa oinarri.
Ostera, Iturainek, historialari jarrera tarteko, esan gabe utzi behar izan zituen iraganean gertatu ziren beste hainbat gerra txiki, jendearen baitakoak. Horietan sartzen dira harremanak, sentimenduak, pentsamenduak, usteak, eta, noski, baita beldurra eta ziurgabetasuna ere. Aurreko lanean horiek guztiak falta ziren, ez gabeziagatik, baizik eta testu-generoaren beraren eskakizunengatik. Hala, Denboraren zubia-k gertakari historikoen itzalpean ezkutaturiko istorioetan sakontzen du, egiaz gertatu zirenak ere jasotzen baditu ere. Pertsonaien arteko zubi txikiak dira nagusi liburu honetan, zeinak fikziozko eszenatoki batera eramaten baikaitu, Orizarrera.
Orriotan guztira zazpi istorio biltzen dira: herriak gerraren berri jakiteko irratia ozen pizten zuen senar-emazteena; Orio-Oxford estropada ospetsuaren bueltan antolatua izaten ari den ekintzarena; zubia berreraiki zuten asturiarren oroitzapenena; ezkutuko misio bat burutzera herriratu den emakume frantziarrarena… Askotarikoak dira Iturainek sortu dituen istorioak, eta halakoxeak dira bertan azaltzen diren pertsonaiak ere. Bestalde, kontakizunak sinesgarriak dira guztiz. Horretan izan du zeresanik idazleak urteetan bildutako informazio guztiak; dena dela, ezin da alboratu bete-betean asmatu duela izan zena eta izan zitekeena uztartzen. Idazleak jostura ederrez lotu ditu errealitatea eta fikzioa.
Hala, liburua irakurtzean sentsazioa aldebikoa da. Zaharrek oroituko dituzte Toki Alai, Txirla eta gaur egun herri toponimiatik desagertuta dauden zenbait izen. Gazteok, berriz, kokatuko gaitu gaur egun Orio osatzen duten tokietan, eta piztuko digu jada existitzen ez direnak ezagutzeko grina. Nolanahi ere, zahar nahiz gazte, irakurleak ez du ahaztuko eszenatoki ezagun eta erreal horietan fikzioa ari dela gertatzen. Eta ez pentsa irudimen ariketa hor amaitzen denik. Izan ere, esan eta egin gabekoek pisu handia dute narrazio hauetan. Liburuak lehen unetik jartzen du abian irakurlearen irudimena, sarritan hari egokitzen baitzaio gerta litezkeenak imajinatzea.
Oroz gain, liburu honen meritu handiena da fikzioaren bitartez azaltzen duela herrian gerra garaiko bizitza nolakoa zen, zuzen eta ulergarri kontatutako narrazioen bitartez, gainera. Ondorioz, ekarpen baliotsua da herriarentzat, ez soilik nondik gatozen ulertzea ahalbidetzen duelako, memoria historikoa lantzeko ariketa ederra delako baizik.