Oriotarrek prestatutako marmitakoa jan dute Vilafranca del Penedeseko herri bazkarian

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 4a, 11:31

Sei oriotarrek pasatu dute asteburua Kataluniako herrian Castellers de Vilafranca taldeak gonbidatuta, eta 650 lagunentzako marmitakoa prestatu dute. "Asteburu bikaina" izan dela azaldu diote Gukari.

Sei oriotar Vilafranca del Penedesen (Herrialde Katalanak) izan dira asteburuan Castellers de Vilafranca taldeak gonbidatuta, haien denboraldi amaierako festan parte hartzen, eta baita haien herri bazkarirako marmitakoa prestatzen ere. 650 lagunentzako marmitakoa egin dute.

Marmitakoa Orion bezala egin dute, udalak uzten dizkien lapiko, su eta gainerako tresnekin, eta hegaluzea eta barazkiak ere herritik eraman dituzte. Patatak zuritzeko laguntza izan dute, hori bai.  Seikote hori, beste herritar batzuekin batera, da azken urte luzeetan Orioko Bisigu Egunean marmitakoa prestatu izan duena: Bixente Lasa, Jesus Antonio Makazaga Makatza, Joxe Angel Iparragirre, Koldo Arruti, Maribi Urretabizkaia eta Inma Urretabizkaia.

Oriotarrek azaldu dute "asteburu bikaina" izan dela, eta kataluniarrek "oso ondo" tratatu dituztela. Gainera, haiek larunbatean hamar pisuko lauko giza dorrea egitea lortu zuten, eta "pozarren" ibili dira guztiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide