Iaz bezala, aurten ere Gau Beltza elkarlanean antolatu dute herriko hainbat eragilek –Txurrumuski, Harribil dantza taldea, Zaragueta Herri Eskola, Orioko Herri Ikastola, Orioko Udala eta beste eragile batzuek. Eguna iluntzen hasi denean, hainbat haur eta gazte gerturatu dira herriko plazara, beren mozorro beldurgarriak erakustera.
Arratsaldeko 19:00 aldera, herritar guztiak plazako kioskoan bildu dira korroan, eta Mikel Laboaren Baga, biga, higa entzuten zelarik, Harribil taldeko dantzariak, goitik behera beltzez jantzita, dantzan aritu dira akelarre bat zirudiena irudikatzen.
Emanaldia txaloka eta txistuka jaso dute ikusleek, eta jarraian, gazte guztiak Goiko Kalerantz abiatu dira, taldetan banatuta, beldurrezko ibilbidean parte hartzeko. Gaztetxoenentzako, aldiz, marrazki eta eskulan tailerrak jarri dituzte plazan. Gau ilun eta beldurgarria alaitzeko, erromeria egin dute. Dantzan eta kantari, egun berezi hau biribildu dute herritarrek.