HITZ TANTAK

Jon Errasti: "Lehengo xarma galduta dauka Quebrantahuesos probak"

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 1a, 14:00

Jon Errasti, Pirinioetan bizikletaz. (Utzitakoa)

Jon Errasti (Orio, 1972) arraunean ibili zen gaztetan, eta ikasketengatik kirola erabat utzita egon ondoren erosi zuen mendiko bizikleta. Gero, errepidekoa eskuratu zuen, "aurrenekoa anaiarekin erdibana". Ordutik txirrindu gainean jarraitzen du, baita hainbat lehiaketatan parte hartzen ere: irail hasieran, esaterako, master mailako munduko txapelketan izan zen, Danimarkan. Urriko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Anaiarekin erdibana erositako bizikletarekin hasi zinen errepidera ateratzen.

Hala da, bai. Gainera, antz handia daukagu, eta askok pentsatzen zuten pertsona bera ginela, eta kristoren ordu pila ibiltzen ginela. Gero, bakoitzak berea ekarri zuen.

Toki askotan ibili zara, Quebrantahuesos proba ezagunean ere bai.

Bai, hamalau aldiz egina dut. Aurreneko aldiz 1997an egin nuen: bezperan izena ematea zegoen garai hartan, eta 800 bat partaide izango ginen; orain, 8.000 izango dira. Orduan beste era batera egiten zen kirola: eguna luzatzen hasitakoan, Aste Santuaren ondoren, hasten ginen entrenatzen, eta Quebrantahuesos ekain bukaeran izaten zen. Ahal genuena egitera joaten ginen. Urteak pasatu ahala, gauzak hobeto egiten joaten zara, eta azken urteetan asko erraztu da kirola egiteko ezagutza, prestaketa... Aurreneko aldiz zortzi ordutan bukatu nuen proba, eta denborarik onena 2011n egin nuen; sei ordu. Azken urteetan, nagikeria pixka bat ematen dit joateak, irteeran estres handia egoten delako.

Xarma galdu al du?

Bai, niretzat bai. Horregatik joaten naiz asko Pirinio aldera; ekain-uztailean egoten dira proba batzuk, eta portu luzeak direnez, nor bere taldean jartzen da, eta ez da halako estresik egoten. Beti gauza berriak probatzen ibili izan naiz, eta gaur egun, gainera, era guztietako probak dauzkazu aukeran. Hala, duela lau urte, Felix [Urain] eta biok hiru eguneko proba bat egitera joan ginen Alpe D'Huezera [Frantziako Alpeak], eta ondo atera zitzaigun. Iaz, berriz, zazpi eguneko proba bat egin genuen, Tour Transalp. Sei etapetako binakako proba da, Austrian hasi eta Italian amaitzen dena, Dolomitak pasatuta. Gustura ibili ginen, eta gure kategorian bigarren izan ginen.

Aurten munduko txapelketan izan zara. Nolatan?

Ikusi nuen proba berri bat antolatu zutela Castellon [Herrialde Katalanak], eta nolakoa zen ikusteagatik, joan egin nintzen. Han egindako denboraren arabera, mundialerako txartela lortzen zenuen. Proba txukuna atera zitzaidan, eta sailkatu egin nintzen. Maiatza zen, eta mundiala irailera arte ez zen; urrun ikusten nuen. Bitartean, buruan neukan uztailean Felixekin egitea Luchon-Baiona proba. Bi urtetik behin egiten da, eta izaten da Tourrean Pirinoetako aurreneko etaparen berdina, 315 kilometrokoa. Hasierako partea dena menditsua da, eta bigarrena, lautada ez, baina bestearen desberdina. 06:30ean atera eta 18:00etan iritsi ginen gu, aurreneko taldean; gustura ibili ginen. Ondoren, lesio txiki bat izan nuen, baina garaiz errekuperatu nintzen, eta mundialera joatera animatu nintzen. Esperientzia bizitzeagatik, batez ere. Familiarekin joan naiz, eta turismo pixka bat egiteko aprobetxatu dugu.

Eta, zer moduzkoa izan da esperientzia?

Danimarkan izan da mundiala, eta han mendirik ez dagoenez, guretzat ibilbidea eta korritzeko era oso desberdinak ziren hemengoekin alderatuta. Oso proba azkarra izan zen, erasoaldi askorekin, eta 90 graduko bidegurutzeetan abiada bizian sartzen dira hango txirrindulariak; ohituta daude horrela ibiltzera. Jende oso-oso ona lehiatu da, baina ni, nire mailan, gustura ibili naiz.

Proba berririk baduzu buruan?

Interesgarria izan daitekeen zerbait aurkitzen badut, egingo dut; beti ateratzen da zerbait, denetarik dagoelako. Lehiakortasun gutxiagoko probak ere badira, eta horiekin ere gozatzen da, izan Aldapakoekin, nahiz bakarrik. 2022an, esaterako, Transpirenaica egin nuen, bakarrik: Cadaques-Orio, 900 kilometro, sei egunetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide